Betiko ikasleak
Arautu gabeko irakaskuntza batean hasi ziren. Arautu gabea baino gehiago, estatuko diktadurak jazarritako jarduera klandestino batean. Euskara hutsean, frankismo betean, azken azterketak gaztelaniaz soilik egin zitezkeenean. Eta ibilaro hark ofizialki ezertarako balioko zien garbi eduki gabe hasi ziren joaten eskolara. Ikastolara. Lazkaoko San Benito ikastolak 50 urte bete ditu. 1963an sortu zuten, euskara eta euskal kultura botereak infernuan ere onartzen ez zuen garaian eskolan emateko. Hala eta guztiz, zazpi haurtxok eta haien gurasoek jarri zuten mugarria; gaur 850 ikasle baino gehiago dira. Urteurrenean, taldeko argazkia atera behar dutela eta, ikastolaren eskaileretan elkartu dira ikasle izandakoak.
Arautu gabeko irakaskuntza batean hasi ziren. Arautu gabea baino gehiago, estatuko diktadurak jazarritako jarduera klandestino batean. Euskara hutsean, frankismo betean, azken azterketak gaztelaniaz soilik egin zitezkeenean. Eta ibilaro hark ofizialki ezertarako balioko zien garbi eduki gabe hasi ziren joaten eskolara. Ikastolara.
Lazkaoko San Benito ikastolak 50 urte bete ditu. 1963an sortu zuten, euskara eta euskal kultura botereak infernuan ere onartzen ez zuen garaian eskolan emateko. Hala eta guztiz, zazpi haurtxok eta haien gurasoek jarri zuten mugarria; gaur 850 ikasle baino gehiago dira. Urteurrenean, taldeko argazkia atera behar dutela eta, ikastolaren eskaileretan elkartu dira ikasle izandakoak.
Hiru-lau urterekin sartu ziren ikastolan. Lehen urte hartan bi kurtso hasi ziren. Aurrena zazpi ume, eta ikasturtea aurrera zihoala, beste talde bat, hurrengo urtekoak. «Gu hasieran Nazionaletara joan ginen hilabete batzuk. Ikastola sortu zenean, talde bat atera eta hara joan ginen», gogoratu du batek.
Bi irakaslek ekin zioten haurrekin batera, Marixabel Aldasorok eta Mari Karmen Izagirrek. Gero batu zitzaizkien Feli Etxeberria amezketarra (tituludun bakarra lehen urteetan), Lurdes Estensoro, Jon…
Eskolak Bordaxuri etxean hasi zituzten, garaje pribatu batean. Handik Pax etxera igaro ziren, «gurin fabrikaren albora», eta gero parrokiko elizkristora. «Garajean denok batera egoten ginen. Gero, Elizaren inguruko lokaletan ibili ginen». Antzolategin ere egon ziren.
«Hasieran lurrean esertzen ginen, ez aulkirik, ez beste ezer ez zegoen eta. Pikotxean egoten ginen». Metodologia eta pedagogia, hori bai, Nazionaletatik desberdina zuten. Neskak eta mutilak batera egoten ziren, eta irakasleek ez zuten umerik jotzen, bestean bezala. Lehen taldean neska bat zen. Ikasi, euskaraz. «Txotxekin lurrean hizkiak sortzen, matematikak egiteko hamarrekoak, pottokak eta horrelako kontuak; bateko handia, bateko txikia… Bi liburu ziren, Martin Txilibitu eta Xabiertxo», diote. Paseatu egiten zuten, mendi aldera, «nahita eta nahi gabe», ikuskatzailea etortzen zenetan.
Guardia Zibila ere joan zitzaien behin, elizkristora. Ikastola itxi zieten, egun batzuetarako. «Guk sakristiatik alde egin genuen. Elizkristoak bi ate zituen; guardia zibilak ate batetik sartu ziren, eta guk bestetik hanka egin genuen. Han umeak eta andereñoak bakarrik geunden, gu beldurtzera joan ziren».
Dena euskaraz aritu arren, azken azterketetarako erdaraz ikasi behar izaten zuten. «Testua erdarazkoa zen, zeren Donostiako Peñafloridara joaten ginen etsamina finalak egitera», esan du batek.
Lazkaoko ikastolan 10 urtera arte ibili ondoren, Beasaingo Alkartasuna Lizeoan jarraitu zuten ikastolako bidea. «Batxiler guztia libretik egin genuen. Lizeoan prestatu, eta kurtso guztia bi egunetan Donostian jokatzen genuen. Eta erdaraz».
Lizeora 1970ean joan ziren Lazkaoko lehen txandakoak, 10-11 urterekin. Batxilerreko 3. eta 4. kurtsoak Beasaingo institutuan osatu zituzten.
Goierriko lehen ikastola
Duela 50 urte, Lazkaon gutxienak ziren ikastolara joaten zirenak. «Familian bertan senide batzuk ikastolara eta beste batzuk nazionaletara joaten ziren. Ez zen izaten gure artean arazorik». Umeen arteko desberdintasun hura, ikastetxe banatan ibiltzea, «nahiko naturala» zen: «Kalean ez zegoen hainbesteko diferentziarik gure artean».
Lazkaokoa Goierriko lehenengo ikastola izan zen. Beasaingoa 1964an sortu zuten, Ataunen 1965ean, Urretxu-Zumarragakoa 1966an, Legazpikoa 1967an, Ordiziakoa 1968an edota Ormaiztegikoa 1970ean.
Aurrenekoa izateari dagozkion bide-erakusle lanak egin behar izan zituzten ikasle lazkaotarrek: «Beste herri batzuetara eramaten gintuzten erakustaldiak egitera, hango gurasoek ikus zezaten zer egiteko gai ginen. Errezeloak egongo ziren, ikasten ote zen edo ez. Matematika sistemak nola funtzionatzen zuen-eta erakusten genien, animatu eta bertan ikastola sortzeko». Ormaiztegi, Legorreta edo Amezketara joan izanarekin oroitzen dira. Herriz herri antzerkiak egiten ere ibili ziren.
Ikastolaren txinparta Jazinto Fernandez Setien apaizak piztu zuen. Guraso talde bat bildu zuen, baita irakasle izateko gazteak ere. «Euskararen aldeko sentimendu bat egongo zen gurasoen artean. Denetik, pentsatzen dut», dio ikasle izandako batek.
«Umea abelera hartan»
Semea bigarren txandan sartu zuten ikastolan Hilario Urteaga eta Joakina Garmendia senar-emazteek. «Zer pentsatu handia eman zigun, gerora begira. Alkatea ere, berriz, ‘lagun’ geneukan. Zer komeriak!», dio Urteagak. «Hasiera hartan sinatzeko ere inor ez zegoen, aita Benito ibili zen. Fraideen bitartez segitu zuen, asko lagundu zuten. Bermea ona zeukan Lazkaon, fraideak», dio emazteak.
Guztia ez zen gozoa. «Umea ikastolara bidali behar eta abelera hartan… Guk sufritu egiten genuen. Baina zerbait nahi genuen, ikastola. Euskara etxetik eta guregandik bazuten, baina ikastola nahi genuen».
Haurrak haur, ordea. Garai hura gogoratzean zer sentitzen duten hitz batean esateko eskatuta, orain 50 urteko haurrek zera diote: «Zoriontsua», dio batek. «Urte onak izan ziren», besteak. «Umetako oroitzapenak dira, eta orduan pozik bizi zara». «Momentu hartan ez zinen konturatzen desberdinak ginenik, ikastolan genbiltzala… Guretzat naturala zen».
Naturala. Gaur hala da orduan klandestino zen ikastola.
Ibilaldi neurtuak apirilean, eta festa nagusia maiatzean
Lazkaoko ikastolaren mende erdiko lana ospatzeko bi garaitan banatu dituzte ekitaldiak. Lehenik, apirilaren 14an bi ibilaldi neurtu egingo dituzte, haurrentzat. Larrienak Amundaraineraino joango dira; txikienak, Beiztindik buelta egingo dute. 08:30ean hasiko da.
Urteurreneko festa nagusia maiatzaren 25eko eta 26ko asteburuan izango da. Omenaldiak, ekitaldia, otordu herrikoiak eta bestelako egitaraua prestatzen ari da talde bat. Liburua eta DVDa ere aterako dituzte, historia eta istorioak jasota.