Bertsomoviedako epaimahaikideek hartu dute erabakia: 9 hilabete lanak irabazi du aurtengo Bertsomovieda lehiaketa, 1.000 euroko saria lortuz. Bertsorik onenari dagokion 250 euroko saria ere lan berdinari eman diote. 400 euro jasoko dituzte gazteen lanik onena egiteagatik Bizitzaren ikuspegiak lanaren egileek, aipamen berezia jasoko du Bakardadean ezkutaturik lanagatik eta aurrez erabaki zen publikoaren saria Badator munizipala! lanak lortu du. Sariak ostiralean banatuko dituzte 19:00etatik aurrera Beasaingo Igartza jauregian.
Joxe Manuel Bereziartua Berek (Urretxu, 1963) Zumarragako Arte Ederren Udal Eskolan animazioaren inguruko ikastaroa eskainiko du apirilaren 18tik maiatzaren 23ra bitartean. Ez da eskolan ematen duen lehenengo ikastaroa, aurretik ere irakasle lanak eginak ditu bertan. Oraingoan, halere, gaia aldatu du, eta lehen karikaturak egiteko teknikaz aritu bazen, ikastaro berrian ordenagailu bitartez marrazkiei mugimendua ematen erakutsiko die ikasleei. Ikastarorako izena emateko epea etzi itxiko dute. Izena emateko Arte Ederren Udal Eskolara jo daiteke. Matrikulak 30 euro balio ditu, eta 20 euro langabetuentzat zein ikasleentzat.
Maite Amundarain (Alegia, 1967) jaiotzez alegitarra da baina urtebeterekin Itsasondora joan ziren bizitzera. Leioan (Bizkaia) EHUko unibertsitatean Kazetaritza ikasketak egin zituen, eta unibertsitateko hirugarren mailan bekadun hasi zen Euskal Telebistan. 1990ean oposaketak gainditu zituen. Beti albistegietan aritu izan da, eta lan desberdinak egin izan ditu. 2001ean asteburuetako editorea eta 2004an asteburuetako albistegietako zuzendaria izan zen. 2006tik 2009ra arte, berriz, astegunetako albistegietako zuzendariorde izan zen Jaime Otamendi zuzendaria zela. Azkeneko hiru urte eta erdiok Miramonen egin ditu kazetari bezala Gaur Egun eta Teleberrietan lanean.
Arautu gabeko irakaskuntza batean hasi ziren. Arautu gabea baino gehiago, estatuko diktadurak jazarritako jarduera klandestino batean. Euskara hutsean, frankismo betean, azken azterketak gaztelaniaz soilik egin zitezkeenean. Eta ibilaro hark ofizialki ezertarako balioko zien garbi eduki gabe hasi ziren joaten eskolara. Ikastolara. Lazkaoko San Benito ikastolak 50 urte bete ditu. 1963an sortu zuten, euskara eta euskal kultura botereak infernuan ere onartzen ez zuen garaian eskolan emateko. Hala eta guztiz, zazpi haurtxok eta haien gurasoek jarri zuten mugarria; gaur 850 ikasle baino gehiago dira. Urteurrenean, taldeko argazkia atera behar dutela eta, ikastolaren eskaileretan elkartu dira ikasle izandakoak.
Jesus Mari Rodriguez zaldibiarrarentzat izan da, beste behin, Eire-Bankoa xake txapelketako sari nagusia. Hamalaugarren edizioa izan da aurtengoa, eta azken garaipen honekin zazpigarren txapela lortu du Rodriguezek. Anibal Fernandez azkoitiarra izan du aurkari final handian, orain lau urtekoan bezalatsu. Orduko hartan, Fernandezentzat izan zen garaipena berdinketaren ostean, baina aurtengoan goierritarra gehiago izan da.
Etorrita bezala joan da, baina aurtengo Euskal Herriko Itzuliak bere arrastoa utzi du Goierrin. Eguraldiak ez du askorik lagundu, baina txirrindulariek ez ezik, zaleek ere eman dute erakustaldia. Nairo Quintana txirrindulari kolonbiarrak irabazi du itzulia, askorentzat ezustean. Sailkapen orokorrarekin batera, bezperako Richie Porteren garaipena eta larunbatean erlojupean Tony Martinek egindako lorpena geldituko dira itzuliaren historiarako idatzita. Baina 'historia txikian' bestelako irudirik ere geldituko da txirrindu zaleen gogoan; horietako bat, haize, euri eta elurrei aurre eginez, eskualdeko errepide bazterretan bildu ziren ehunka zaleena izango da, dudarik gabe.
Beasainek azken hamarkadetan izan duen hiri eraldaketaren adibide garrantzitsua da Igartza multzoa. Herriaren ondare kulturalaren erakusgarri izateaz gain, haren benetako izaeraren eta industriaren oinarria ere bada urteek ezabatzea lortu ez duten multzo arkitektonikoa. Egun, turismoa erakartzeko eta beste hainbat ekintza aurrera eramateko gune garrantzitsua da Beasainen. Izan ere, erabilera berriak jarraipena eman dio lehengoari, eta zentzu bat eraikinen batasunari.