«Hilaren 8tik aurrera euskarazko albistegia egingo dugu goizero»
Maite Amundarain (Alegia, 1967) jaiotzez alegitarra da baina urtebeterekin Itsasondora joan ziren bizitzera. Leioan (Bizkaia) EHUko unibertsitatean Kazetaritza ikasketak egin zituen, eta unibertsitateko hirugarren mailan bekadun hasi zen Euskal Telebistan. 1990ean oposaketak gainditu zituen. Beti albistegietan aritu izan da, eta lan desberdinak egin izan ditu. 2001ean asteburuetako editorea eta 2004an asteburuetako albistegietako zuzendaria izan zen. 2006tik 2009ra arte, berriz, astegunetako albistegietako zuzendariorde izan zen Jaime Otamendi zuzendaria zela. Azkeneko hiru urte eta erdiok Miramonen egin ditu kazetari bezala Gaur Egun eta Teleberrietan lanean.
Maite Amundarain (Alegia, 1967) jaiotzez alegitarra da baina urtebeterekin Itsasondora joan ziren bizitzera. Leioan (Bizkaia) EHUko unibertsitatean Kazetaritza ikasketak egin zituen, eta unibertsitateko hirugarren mailan bekadun hasi zen Euskal Telebistan. 1990ean oposaketak gainditu zituen. Beti albistegietan aritu izan da, eta lan desberdinak egin izan ditu. 2001ean asteburuetako editorea eta 2004an asteburuetako albistegietako zuzendaria izan zen. 2006tik 2009ra arte, berriz, astegunetako albistegietako zuzendariorde izan zen Jaime Otamendi zuzendaria zela. Azkeneko hiru urte eta erdiok Miramonen egin ditu kazetari bezala Gaur Egun eta Teleberrietan lanean. «Oso gustura aritu naiz», dio Amundarainek.
ETBeko albistegietan lan desberdinak egin dituzu, eta orain, ETBeko albistegietako zuzendari izendatu zaituzte. Ezustean harrapatu al zaitu karguak?
Mikel Agirrek eta Jaime Otamendik egin zidaten eskaintza. Harritu egin nintzen, bazekitelako Miramonen oso ondo nengoela, eta kazetari bezala zoriontsu nintzela. Baina harreman handia izana dut Agirrerekin eta Otamendirekin. Gerora Maite Iturbe etorri zen eta berak ere deitu ninduen. Aurrekoei baiezkoa esanda neukanez, Maite Iturberi ere baiezkoa esan nion.
Zuzendari nagusiaren postua polemika iturri izaten da gehienean, eta oraingoan ere horrela izan da. Azkenean EAJk eta PSE-EEk adostasuna lortu dute eta Maite Iturbe izendatu dute zuzendari nagusi.
Printzipioz hori goiko kontua da. Ni inongo momentuan ez naiz presionatua sentitu. Maite Iturbek egin zidan azkeneko proposamena, eta nik onartu egin dut Iturberekin eta bere taldearekin lana egitea. Alderdi politikoek zer pentsatzen duten nitaz? Ez dakit. Adostasuna lortu behar da zuzendari nagusi mailan. Hortik aurrera, alderdi politikoek badakite beste arduretarako profesionalak bilatzen direla. Gehiago edo gutxiago gustatuko zaie, denen gustoa egitea ezinezkoa da. Oraingoz behintzat, inork ez dit deitu kejatzeko. Badakit izango direla deiak eta kexak, eta ez alderdi politiko handienak bakarrik, txikienak ere bai. Hori ere soldataren barruan sartzen da.
Zure lana zein izango da?
Organigrama osatzea eta guk albistegietako gure taldea egitea. Saiakera etxeko jendearekin egitera goaz, eta gehienak lotuta dauzkagu. Etxeko betiko jendearekin lan egingo dugu. Talde lana egiteko garaia da eta ez hainbeste, kanpoko dizdira duen hura ekartzeko. Ez gaude inprobisatzeko garaian. Etxean ofizioa ezagutzen duenarekin kontatu behar da eta erredakzioa motibatzeko modu bat hori izan daiteke.
Albistegiei dagokionean, indar gehiago jartzen da ETB2ko albisteetan, ETB1ekoan baino. Iraupena bera da horren adibide, eta ordutegia ere bai, ETB1ekoa sarritan aldatzen delako.
Nik uste dut oraingo egoera nahiko tristea dela. Oso ondo gelditzen da apustua ETB1 indartzea dela esatea, baina gero ikusi behar nola egin dezakegun. Saskibaloiko partidak ETB1en ematen jarraitzen badugu, oso zaila da Gaur Egun-ak indartzea. Horretaz ez dugu hitz egin oraindik, baina nik uste dut helburua izan behar duela Gaur Egunak normalizatzea eta bere ordutegia eta iraupen finkoa edukitzea. Nire nahia, dena den, hori izango litzateke. Ez dakit Gaur Egunak Teleberrik bezala ordubete izan dezakeen, baina gutxienez, orain daukaguna baino askoz ere gauza duinagoa egin beharko genukeela ez daukat inongo zalantzarik. Baina hori dena etxe osoaren perspektibarekin ikusi behar da. Nik nirea defendituko dut. Helburua da albistegi normalizatua egitea, bere ordutegian eta bere edukiekin.
Aldaketaren bat aurreratu al dezakezu?
Apirilaren 8tik aurrera euskarazko albistegi bat egongo da goizeko 08:00etatik 10:00etara. ETB1en ordu horretan albistegi bat dagoen lehen aldia izango da. Albistegia 7:58an hasiko da, eta ordu betez informazioa emango da, eta ondoren 9:00etatik 10:00etara tertulia bat eta elkarrizketa bat.
Aurkezleetan adibidez, ez da aldaketa handirik izango. Nik uste jarraikortasun bat adieraztea ere ez dela txarra. Profesionalak profesionalak dira batekin eta bestearekin. Profesionalak blindatu egin behar dira.
Hainbeste eztabaida sortu duen eguraldiaren mapa aldatu duzue; erdibideko bide bat hartu duzue.
Bai, aldatu da. Aurreko zuzendaritzak eguraldi mapa aldatu zuen, eta gero Iparraldearen Orena eta Navarra directo egiten zituen. Eguraldiko jendeak zeresana ere badauka. Etxe barruan erabaki dugu aldaketa, irizpide profesionaletik eta informatibotik.
Eguraldiaren maparekin batera, terminologiak ere sortzen du zeresana. Zein bide jarraitzeko asmoa daukazue?
Aurreko zuzendaritzak estilo liburu bat bideratuta utzi du, eta estilo liburu hori ez dago itxita. Orain, erredakzioarekin konpartitu eta bukatu egin behar da, aurreko zuzendaritzak ez baitzuen erredakzioarekin konpartitu. Gauza horiek, nik uste, profesionaltasunez egin behar ditugula. Bestela, beti eztabaida berdinarekin gabiltza bueltaka. Gainera, talde bezala egin behar dugu estilo liburua, EITB mailan. Figura berri bat sortu dugu Odile Kruzetarekin. EITBeko irratietako zuzendaria izango da baina, aldi berean, EITB osoan ildo editoriala markatuko duen pertsona izango da.
Zein izango bere helburua?
Bere helburua izango da irizpideak bateratzea. Ez hizkuntzari dagokionez bakarrik, baizik eta baita gaiei eta tratamenduari buruz ere. EITB taldea gara baina Radio Euskadi bere aldetik dabil, Euskadi Irratia ere bai, ETB ere bai… Hori dena uztartu egin behar dugu. Gai horiek denak talde horretan landuko dira. Talde itxura eman nahi dugu. Zuzendaritza honen ardatzetariko bat hori da. Talde bezala lan egiten hastea. Bere garaian, azken aurreko zuzendaritza saiatu zen horretan pixka bat, baina ez zen denbora gehigirik izan.
Euskararen normalizazioan eragile garrantzitsuena telebista da, baina euskaldun askorentzat ETB1 ez da bere erreferentziazko katea. Gaztetxoentzat eta gazteentzat, adibidez.
Audientzia tasak ikusi besterik ez dago hori horrela dela ikusteko. Azkenean, ETB1en produktu onak daude, baina solte. DBH, adibidez, oso programa ona da gazteentzat baina askotan nik uste dut jendeak jakin ere ez dakiela DBH dagoenik. Programazio normalizatu bat ez baldin badago, eta gauza solteak ematen badira, jendeak ez du ETB1 jartzen. Gainontzeko telebistetan gauzak oso finkatuak daude. Nik uste dut produktu onak badaudela baina orokortasun baten barruan ez daude. Eta hori, arazo handi bat da. Arratsalde osoan dokumentalak eta errepikapenak jartzen badituzu, jendea ez duzu erakartzen. Nahiz eta DBH jarri, jendea joan zaizu. Erronka da ETB1-n programazio normal bat egitea, edozein katerekin konpetitu ahal izango duena. Umeek ETB3 asko ikusten dute, baina koskortuagoek ez daukate euskarazko erreferentziarik.
Erdarazko albistegietan euskara gehiago entzuteko aukera ikusten duzu?
Ni beti izan naiz euskal hiztunaren hitzak naturaltasun guztiz euskaraz sartzearen aldekoa, azpialdean, gaztelerazko azpitituluren batekin ideia nagusia jarrita. Azkeneko joera da, hitzez hitzeko itzulpena jarri beharrean ideia nagusia jartzea. Ulertzen ez duena ere ez da galduko. Horretan segi behar dugu. Bikoiztu gabe, hizketan ari dena entzun.