Beasainek azken hamarkadetan izan duen hiri eraldaketaren adibide garrantzitsua da Igartza multzoa. Herriaren ondare kulturalaren erakusgarri izateaz gain, haren benetako izaeraren eta industriaren oinarria ere bada urteek ezabatzea lortu ez duten multzo arkitektonikoa. Egun, turismoa erakartzeko eta beste hainbat ekintza aurrera eramateko gune garrantzitsua da Beasainen. Izan ere, erabilera berriak jarraipena eman dio lehengoari, eta zentzu bat eraikinen batasunari.
Beasainek azken hamarkadetan izan duen hiri eraldaketaren adibide garrantzitsua da Igartza multzoa. Herriaren ondare kulturalaren erakusgarri izateaz gain, haren benetako izaeraren eta industriaren oinarria ere bada urteek ezabatzea lortu ez duten multzo arkitektonikoa. Egun, turismoa erakartzeko eta beste hainbat ekintza aurrera eramateko gune garrantzitsua da Beasainen. Izan ere, erabilera berriak jarraipena eman dio lehengoari, eta zentzu bat eraikinen batasunari.
Zazpi elementuk osatzen dute Beasaingo Igartza multzoa: jauregiak, errotak, burdinolak, ermitak, zubiak, galtzadak eta dolareak. Haren jatorri historikoak Erdi Arokoak badira ere, garai berrietara egokitzea lortu du, denboraren enbatei aurre eginez. Leku estrategikoan dago Igartza, eta erabilera militarrerako eraiki zuten, ondoren jauregi eta lantegi gisa erabili izan bazen ere. 1996. urtean hasi ziren Igartza leheneratzen, eta orain gutxi jarri diote, nolabait, amaiera prozesuari, www.igartza.net webgunea sortuz.
Bidegurutze garrantzitsua
Euskal Herria Europako bide sarean uztartuta egon da betidanik. Iparraldearen eta hegoaldearen arteko zubia izan da, lautadako hirien eta itsasoko portuen lotura. Duela 800 urtetik gaur arte, galtzada eta bide nagusiek erreken eta ibaien bideari jarraitu diote, eta Oria haranean, Igartza bidegurutze nagusi bihurtu zen. Horren adibide dira XVI. mendean eraikitako harrizko zubia eta galtzada. Hain zuzen, bide hori izan zen, mendeetan, Paris eta Madril hiriak lotzen zituen lurreko biderik garrantzitsuena.
Igartza kultur harremanen habia ere izan zen, bidegurutzea izaki, baita diru iturri garrantzitsua ere. Hori dela-eta eman zuen agindua Isabel Lobianok, Igartzako andereak, 1611n aipatutako zubiaren alboan dolare bat eraikitzeko. Ostatua eta jatekoa eman behar zitzaien bertatik pasatzen zirenei, eta helburu horrekin egin zen eraikina. Hain zuzen, dolarea ostatu zerbitzua mantentzen duen bideko bentarik zaharrenetakoa da Euskal Herrian. Gaurko hotela XVII. mendeko dolare zaharberritua da.
Jauregi bihurtu baino lehen, kutsu militarreko dorrea ere izan zen Igartza, lekuaren balio estrategiko handia zela medio. 1456an, ordea, Henrike IV.ak gerrako osagai guztiak deuseztatzeko agindua eman zuen. Hemeretzi urte geroago, Martin Perez Altzagakoak, Igartzako jaunak, multzoa berriz martxan jarri zuen, dorretxea zegoen lekutik metro gutxira. Horregatik, ikertzaileen arabera, ezin da esan jauregia dorretxe zaharberritua denik, XVI. mendean eraikitako jauregi bakar eta berezia baizik.
Multzoa osatzen duten beste elementuetako bat burdinola da. Hainbat aldiz kiskali bazen ere, urteetan egindako berrikuntzei esker, Igartzako jaunek gizarte eta merkataritza sarea hedatzea lortu zuten burdinolari esker. Errotak ere lagundu zien zeregin horretan, beasaindarren beharrak asetzeko ezinbestekoa baitzen Erdi Aroan.
Gaur egun, Beasaingo ikurretako bat den CAF enpresaren sustraiak ere Igartza multzoan aurki daitezke, sokatik tira eginez gero. Izan ere, berreraiki den burdinola punta-puntako teknologia lantegia zen. Haren haritik, Hierros San Martin etorri zen, eta, atzetik, CAF enpresa, egun munduan ezaguna.
Garai modernoetara egokitu
Urteen joanean, Igartzak garai berrietara egokitzeko gaitasuna izan du, eta hori izan da, seguruenik, arrakasta nagusia. Gaur egun, dotoreziaz leheneratu dituzte multzoa osatzen duten elementu nagusiak, garai bateko itxurari eutsiz, baina egungo beharretara egokituz. Altxor turistiko izateaz gain, kultur ekintzetarako, kongresu eta bileretarako edo ezkontza eta hileta zibilak ospatzeko gune ere bada Igartza. Hotela eta jatetxea ere baditu, eta Donejakue bideko erromesentzako ostatua ere bada.
Hain zuzen, zerbitzu horiei guztiei indarra emateko asmoz sortu da www.igartza.net webgunea. «Igartzak eskaintzen duena azpimarratu nahi genuen, itxura eta edukia baino gehiago», esan du Itxaro Mendizabalek, Bikoa Garapenak enpresako kide eta webgunearen egileak. «Baina eskaintzaz gain, Igartzaren historia laburtua, kokapena eta informazio gehigarria ere jarri ditugu sarean». Bestalde, «webgunea bizirik mantentzeko, albisteak eta egutegi eguneratua» izango ditu aurkeztu berri den webguneak.
Hizkuntzari dagokionez, bi hizkuntzatan dago erabilgarri: euskaraz eta gaztelaniaz. Hala ere, «atalik garrantzitsuenak ingelesez eta frantsesez ere aurki daitezke». Webguneaz gain, Twitter eta Facebook kontuak ere ireki dituzte, «horien bitartez ere Igartzan egingo diren ekintzen berri emateko».
Ez da hori, hala ere, berrikuntza bakarra, Igartza monumentu multzoaren inguruan hamar informazio panel berri ere jarri baitituzte. Lau hizkuntzatan daude irakurgai panelak ere; QR kodeak gehitu dizkiete, sakelakoen bitartez informazio gehigarria eskuratu eta Igartza garai batean nolakoa zen momentuan ikusi ahal izateko.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.