«Turismoa etorkizun handiko negozioa da oraindik Brasilen»
Bizi oso bat» darama Estebe Ormazabalek Brasilen, baina oraindik ere «goierritar peto-petoa» dela sentitzen du. Ez da gutxiagorako; gurasoak Mutiloakoa eta Lazkaokoa dira, eta bera Beasainen jaio zen. 1996an iritsi zen Brasilera, eta han hamazazpi urte badaramatza ere, aurretik munduan zehar hamaika txokotan egoteko aukera izan du: Irlandan, Alemanian, Danimarkan, Italian eta Suitzan, adibidez. Lan kontuak tarteko iritsi zen Brasilera: «Garai hartan, Nestlen lan egiten nuen, ikerketa eta garapen zentro batean, eta Brasilen lan egiteko aukera izan nuen». Halaxe heldu zen Sao Paulora.
Urte batzuetan aritu zen Nestlen, eta, gerora lanbidea aldatu bazuen ere, familiak Brasilen geratzeko erabakia hartu zuen. Ormazabalen familia Serak, Haritzek eta Amandik osatzen dute. 2001etik, SENAI Serviço Nacional de Educaçao Industrial da haren lantokia, eta irakasle aritzen da bertan. Hezkuntza teknikoko unibertsitate bat da SENAI. «Brasil osoan dagoen sare publiko bat da, eta, zehazki, elikagaien teknologian espezializatuta dago; bereziki, irinean, ogian eta gozoetan». Ormazabalen arloa txokolategintza eta gozogintza industriala da; ogi, gaileta eta makarroi teknologia, besteak beste.
«Azkenaldi honetan, eta Brasilek munduan hartu duen garrantzia dela eta, SENAI munduan zehar hainbat proiektutan parte hartzen ari da, Afrika aldean, Amerika osoan eta Europa aldean ere bai».
Iazko urrian, lehenengo aldiz Europatik kanpo egin zuten UIPCG erakundeak (Union Internationale de Natisserie, Confisserie et Gelaterie) antolatzen duen 25 urtez azpiko gazteentzako munduko gozogintza txapelketa, eta Ormazabal izan zen koordi-natzaile nagusia. «Japoniak irabazi zuen, eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Orain, berriz, 2015. urtean Brasilgo Worldskill International txapelketa antolatzen gabiltza [ezagutzaren olinpiada]».
Beasaindik Sao Paulorako saltoa ez da txikia izan, eta herri txiki batetik hiri handi baterako aldea bezainbestekoa da. Baina Ormazabal oso baikorra da, eta beti bilatzen dio alde positiboa bizi den leku eta egoera bakoitzari: «Horrelako toki handi batek dituen gauza on eta txar guztiak ditu Sao Paulok ere: zirkulazioa, jendetza, kutsadura, jende jatorra ezagutzeko aukera, aukera profesionalak…».
«Ustelkeria da minbizia»
Worldskill International txapelketa ez da datozen hilabeteetan Brasilek hartuko duen nazioarteko lehiaketa bakarra. Asko dira jada Brasilera bidean diren gipuzkoarrak, Munduko Futbol Txapelketa eta olinpiar jokoak hartuko dituzten lekuetan lan egiteko. Ormazabalek esan duenez, oro har, brasildarrak gustura daude ekintzekin; «batez ere, Brasilek munduan hartuko duen estatus mailagatik», baina «aukera bat galdu izanaren irudipena» ere badutela gehitu du: «Uste dute hori dena amaitzen denean ekitaldi horiek ekarriko duten gehiena ustelkeriak eramango duela eta etorkizunerako ez dela ezer geratuko».
Izan ere, azken hamar urteetan herrialdeak izan dituen aurrerapenak nabaritzen hasiak direla esan du beasaindarrak, baina herritarren artean aldeak nabarmenak direla oraindik ere. «Hezkuntzaren arloan, lan handia ari gara egiten, eta badut gure ondorengoei gizarte hobe bat utziko diegun esperantza. Hala ere, hemengo minbizirik handiena ustelkeria da».
Brasilera iritsiko diren kirol ekitaldiekin turismo arloan gorakada nabarituko dutela uste du Ormazabalek, eta «turismoa oraindik etorkizun handiko negozioa» izango dela. «Brasilek Europa osoaren tamaina bera du; milaka kilometro hondartza eta baso daude, mendiak… eta bertakoak gero eta gehiago ari dira herrialdean barrena turismoa egiten, oraindik ere hainbat toki ezezagun baitaude».
Brasilen etorkizunari begira, Euskal Herritik lan eskaintza «interesgarri bat» iristen ez bazaio, behintzat, ez da Gipuzkoara itzuliko Ormazabal, nahiz eta Luken eta Lutxi —gurasoak—, Lierni arreba eta Jabi koinatua, eta Haizea, Itsaso eta Ilargi ilobak —«munduko neskarik maitagarrienak»— faltan sumatzen dituen.