Aizkorriko Atariak egurra eta harria uztartuko ditu hurrengo erakusketetan
Aizkorriko harria eta egurra dira Zegamako interpretazio zentroaren ardatzak, eta horiek dira, hain zuzen, udaberri honetako erakusketetako elementuak. Maiatzaren 5a bitartean Juan Antonio Andak egurrarekin egindako lanak ikus daitezke, eta ekainean Aranzadik Sandratin aurkitutako piezak ikusi ahalko dira.
Anda familiak hiru belaunaldi daramatza egurrarekin lanean. Zegaman erakusketa ireki duenaren aitona ebanista izan zen, eta bere osaba, Jose Ramon, eskultorea da. Aizkorriko Atarian, berriz, argizaiolak, kutxak, erlojuak eta armarriak ikus daitezke, besteak beste. Andak altzariak ere egiten ditu, enkarguz. Haritza, gaztainondoa eta intxaurrondoa erabiltzen ditu.
Aizkorriko basoetako zuhaitzak ez ezik, bertako harkaitzek ere badute tokia interpretazio zentroan. Hala, igande honetarako Sandrati kobara ibilaldi gidatua antolatu dute. Aranzadik bertan egindako indusketetan aurkitutakoa ezagutzera ematea da irteeraren helburua.
Mendizaleak 09:00etan irtengo dira interpretazio zentrotik. Hamaiketakoa egiteko tarte bat hartuko dute eta jatekoa norberak eraman behar du. Parte hartu nahi dutenek 943 80 21 87 telefono zenbakira deitu behar dute edo aizkorribidean@aizkorri.net helbide elektronikora mezua bidali. Lau euro ordaindu behar da.
Sandratira joateko gogorik edo aukerarik ez dutenek, ekainetik aurrera interpretazio zentroan bertan izango dute Aranzadik egindako lanaren berri. Bosgarren indusketa kanpainan aurkitutako piezak ikusi ahalko dira, leizearen historia luze eta aberatsa ezagutzera emateko. Izan ere, duela 12.000 urtetik XIX. mendera arte gizakia bertan bizi izan zen.
Aizkorriko Ataria 2010ean ireki zuen Zegamako Udalak. Parke naturalaren sarrera da, Arantzazuren osagarria. Nerea Tauschke interpretazio zentroko arduradunak gipuzkoarrek gehien erabiltzen duten sarrera Zegamakoa dela aipatu du. Iaz bisitari kopuruak «nabarmen» egin zuen gora, eta arduradunen helburua interpretazio zentroa parketxe bihurtzea da. Horretarako lan egiten ari dira.