Hitzen jostunak
Bi dira liburuak behar dituen subjektuak: idazlea eta irakurlea. Idazlearen sormena alosiek edo musek eragiten dutenaren mitoaren kontra, Bergaran (Gipuzkoa) Idazle Eskola martxan jarri zuen Tere Irastortza poeta beasaindarrak orain hamar urte: «Musikaria kontserbatorioan trebatzen bada, zergatik ez idazleen eskola bat?». Orduz geroztik 120 literaturzale igaro da Bergarako Urrutiko Unibertsitatera atxikitutako eskolatik. Bi urteko ikasketak egiten dituzte, eta ikasleei jartzen dieten lehenengo ariketa, gelatik atera eta autora doan bidean topatzen dituzten hiru objektu harilkatuta istorio labur bat kontatzea da.
Bi dira liburuak behar dituen subjektuak: idazlea eta irakurlea. Idazlearen sormena alosiek edo musek eragiten dutenaren mitoaren kontra, Bergaran (Gipuzkoa) Idazle Eskola martxan jarri zuen Tere Irastortza poeta beasaindarrak orain hamar urte: «Musikaria kontserbatorioan trebatzen bada, zergatik ez idazleen eskola bat?». Orduz geroztik 120 literaturzale igaro da Bergarako Urrutiko Unibertsitatera atxikitutako eskolatik. Bi urteko ikasketak egiten dituzte, eta ikasleei jartzen dieten lehenengo ariketa, gelatik atera eta autora doan bidean topatzen dituzten hiru objektu harilkatuta istorio labur bat kontatzea da.
Gorka Azkarate urretxuarra 2006an hasi zen Idazle Eskolan. Eskolan izen ematera zerk bultzatu zuen galdetuta, Azkaratek dio «literatur garrak, idazteko gaitasuna garatzeko gogoak eta aritua den jendea ezagutzeko grinak» bultzatu zuela. Maitane Legarreta beasaindarrak ekainean amaituko ditu ikasketak, «graduondoko bat egin nahi nuen, Euskal Kulturaren Transmisioarena, eta Idazle Eskola aukeratu nituen. Idaztea betidanik gustatu zait, baina idatzi baino gehiago irakurri dut», dio.
Idazle Eskolan izena ematen duten ikasleen soslaia egiterakoan, Irastortzak hainbat ezaugarri komun marraztu ditu: lanean ari direnak, euskal literaturan jantziak direnak eta euskara aldetik trebatu nahi dutenak. Ikasleak oso mundu ezberdinetatik datoz: abokatuak, arkitektoak, osasun arloko profesionalak, bertsolariak, kazetariak, antzerkigintzan ari direnak, helduen irakasleak… Irastortzaren arabera, «eztabaida intelektualerako aukera oparoa eskaintzen digute. Azkarrak eta umilak dira, guretzat harrigarria bada ere, gure esku jartzen dira, eta gidari gisa onartzen gaituzte».
Idazleak irakasle
Idazle izateko sena behar dela diote hiruek, baita jardutea ere. Horrez gain, hizkuntzarekiko lotura, bideratu zaitzakeen irakasle edo editore bat, eta «egiten ari zaren horrek balio duela sinistuko edo ukatuko ez duen sistema bat», gehitu du Irastortzak. Idazle Eskolako irakasle guztiak idazleak dira. Legarretaren esanetan, «luxu bat da, hasieran lotsa ere sentitu nuen ariketak erakusterakoan; baina, erakusten duten errespetua itzelezkoa da».
Eskolak idazle bakoitzaren idazketan oinarritzen dituzte. «Filologokeria gutxi dago, normalkuntzari eta zuzentasunari baino, estiloari, kohesioari, kontatzen denari, hariari, generoari, narratzaile motari, denborari eta erreferentziei ematen diegu garrantzia», azaldu du irakasleak. Eskolako jardunaren beste bi alderdi ere azpimarratu ditu: tutoretza pertsonalizatua eta eskolak aurrez aurrekoak izatea.
Larunbatero lau orduz aritzen dira ikasleak eta irakasleak Bergarako egoitzan. «Irakasleen aholkulari lan hori balio erantsi bat da, bakoitzari barruan daukan gaitasuna bideratzeko aukera ematen du», azaldu du Irastortzak. Eskolak aurrez aurre izateak beste balio bat ere eransten dio jardunari: «Zurea ez den testu batean zuzenketak egiteko konfiantza ezinbestekoa da. Irakasleak eta ikaskideak irakurle kide bilakatzen dira. Irakurketa kritikoa lantzen dugu. Orain, elkarri gauzak esateko gaitasuna gero eta azkarrago lortzen dugu».
Ez dute notarik jartzen Idazle Eskolan, idazteko askatasuna ematen diete ikasleei, eta irakasleei zein ikaskideei sortutakoa erakusteko konfiantza hori lantzen dute.
Ikasle sarea
Bakoitzari Idazle Eskolak eman diona galdetuta, Gorka Azkaratek aberastu duela nabarmendu du: «Gure ikastaroan talde oso konpaktua osatu genuen. Oso ondo ulertu ginen, besteek osatu egiten zintuzten eta zuk ere bazenuen zer eman. Gero, norberak zein aprobetxamendu ateratzen dion beste kontu bat da». Irastortzak, urteetako jardunak, besteak beste, irakurtzen irakatsi diola dio, «irakaskuntza librea zer den ere dastatzen dut eskolan, eta gero eta hobeto igartzen diot ikasle bakoitzari zein den bere esparrua». Legarretak ikasleen artean sortzen den sarea du gogoan. Izan ere, ikasleen arteko loturak eskolatik harago zabaltzen dira espazioan zein denboran. Batek baino gehiagok irakurle taldeak gidatzen ditu, adibidez, Azkaratek Urretxun, askok lanak publikatu dituzte, ikasle ohien taldeak osatu dituzte edota eskolako jardueretan goitik behera inplikatu dira ikasgelatik kanpo ere.
Zer da liburu bat?
Idazle Eskola euskal literaturaren testuinguruan kokatuz gero, Irastortzak argi dauka, «euskal industriak indar gehiago jarri du irakurleak sortzen idazleak sortzen baino. Gainera, euskal letrak gazte eta haur literaturara oso bideratuak egon dira, eta beste publiko bat lo geratu da». Poeta den heinean, euskal poetak beste generoak lantzen dituzten idazleak baino hobeto daudela dio, eta «itzulpen politika eskasa» salatzen du: «Euskal literatura besteak bezain ona da, aitortzen zaiona baino hobea dela uste dut».
Idazlea, liburua eta irakurlea. Idazle Eskolaren bitartez irakurzaletasuna hedatzen ari da Euskal Herriko zeruetan. Irastorzaren arabera, hizkuntzak gero eta gutxiago baldintzatzen du euskal literatura, eta horrek urte askoan egon ez den loraldia ekarri du, «beste komunitate bat sortu da». Datorren asteartean Liburuaren Nazioarteko Eguna da. Hiru idazleei «zer da liburua zuretzat?» galdetuta, bakoitzak erantzun bat eman du, eta guztiak elkarren artean josi daitezke, literaturan hitzak josten diren bezala. Legarretarentzat liburua «bueltatzeko tokia da», Azkaraterentzat «hizkuntzaren aukerez gozatzeko baliabidea» da eta Irastortzarentzat «liburuek denbora guztia daukate zuretzat».