Gazta Eguna ospatuko dute igandean Idiazabalen
Igandean Gazta Eguna ospatuko dute Idiazabalen. Urteroko moduan, artzainak lanean ikusteko eta gazta dastatzeko aukera egongo da eta herriko artzain bat omenduko dute. Aurten, Luis Mintegik jasoko du omenaldia.
Gazta Egunaren inguruko lehen ekitaldia atzo izan zen. Interpretazio zentroan ardoa eta gazta dastatzeko aukera egon zen. Bihar, 19:00etan, herriko artzainek euren lanbideak bizi duen egoerari buruz hitz egingo dute udaletxean. Etzi, 18:00etan, mami txapelketa jokatuko da toki berean. Epaileen artean sukaldari ospetsu bat egongo da: David de Jorge.
Ekitaldi nagusiak igandean egingo dira. Artzainen lana ezagutzeko eta gazta dastatzeko aukera egongo da. Sei pintxo 2 eurotan salduko dira eta jendeak gustuko gaztaren aldeko botoa emateko aukera edukiko du. Gazta onena ez ezik, postu dotoreena ere sarituko da.
Gaztaz gain, mamia eta bestelako jakiak dastatu ahalko dira. Gainera, artisauen lanak eta txakurrak egongo dira ikusgai. Trikitilariek, txistulariek eta Axari taldeko dantzariek kaleak girotuko dituzte eta eliza aurrean haurrentzat ludoteka jarriko da.
Idiazabalgo Udalak herritarrei baserritarrez janzteko eskatu die. Bisitariek berriz, autobusa edukiko dute aparkalekutik herrira joateko.
Idiazabaldar guztientzat egun handia da igandekoa, baina bereziki artzainentzat. Eta hauen artean, Mintegi omenduak ditu pozik egoteko arrazoi gehien. Etxeberri baserriko idiazabaldar honek 74 urte ditu. Sekula ez du gaztarik egin, baina bizitza osoa darama ardiekin lanean. Omenaldia eskertzeko moduko gauza dela aipatu du.