Lazkaon azkeneko festa-eguna dute gaur
Bukatzera doaz San Prudentzio jaiak Lazkaon. Seigarren eta azken festa-eguna maiatzaren lehenarekin ospatu dute. Gaur lehiaketen eguna izan da. Goizean eskualdeko igeriketa txapelketa izan da, kiroldegiko igerilekuan. Haur ugarik parte hartu dute.
Ondoren, plazako estalpean, 25. Bakailao Lehiaketa egin dute. Bederatzi bikotek (batzuk hiru ere bazeuden) parte hartu dute. Lapikokada bakailao tomatetan sukaldatu dute. Lehen sariko txapelak Mila Intsaustik eta Santi Salvadorrek jantzi dituzte. Bigarren Benita Goñi eta Maria Alzira Carneiro geratu dira, eta hirugarren hiruko bat: Juan Felipe Barandiaran, Andoni Tapia eta Jose Inazio Lasa. Epaile lanetan bost lagun aritu dira, hiru elkartetako ordezkariak, eta bi sukaldari: Rafael Lopez (Txuri-Urdin elkartekoa), Pako Tejados (Gerriko), Antonio Irastortza (Antsoategi), Maite Garmendia eta Kaietana Etxeberria.
Urrezko Aizkolariak txapelketako final hamaseirenetako kanporaketak hartu dio bakailaoari lekukoa, 13:00etan. Plazako frontoian, lau aizkolari lehiatu dira, denera 12 enbor bost ebakera desberdinetan ebakitzeko. Ugaitz Mugertza mutrikuarrak (Mugertza II.a) egin du lehenengo (17:32), eta Ander Erasun iturendarrak bigarren (18:16). Bi horiek zuzenean igaro dira hurrengo fasera. Hirugarren Jesus Mari Mujika ibartarra izan da (18:56); hark bigarren aukera batean lehiatu ahalko du. Laugarren Donato Larretxea beratar beteranoa (19:33), kanporatuta gelditu da.
Urrezko Aizkolarien kanporaketa bat Ataunen jokatuko da, igandean, maiatzak 5. San Gregorioko Zelai pilotalekuan, 19:00etan, Otaegi, Rekodo eta Larrañaga aizkolariak ariko dira.
Aizkolarien lanen tarteetan Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a aritu da, 100 kiloko bolarekin eta kuboarekin, 158koarekin eta zilindroarekin bi minutuko txandak egiten. Bola sorbaldan hartuta plazako frontoi osoari bira eman dio, jendearen aurrean geratu eta tarteka jasoaldi erakustaldiak eginez.
Arratsalderako, lehenengo aldiz toka txapelketa antolatu dute, baita dantza sueltoko 33. txapelketa ere. Hamalau bikote dira parte hartzekoak: Azpeitiko bederatzi bikote, Azpeitia-Azkoitiko bi, Errezilgo beste bi eta Lezoko bat. Haurren danborradak ipiniko dio azken puntua egitarauari, 18:30ean. San Prudentziotik plazara bitarteko ibilbidea egingo dute.