Almitzak zabaldu du bakarkako sega ligaxkan izena emateko epea
Almitza elkarteak bosgarren aldiz Euskal Herriko Bakarkako Sega Ligaxka antolatu du. Maiatzaren 25etik ekainaren 30era jokatuko da, hiru jardunalditan. Izena maiatzaren 20rako eman behar dute segalariek, telefonoz (615 74 34 11) edo posta elektronikoz (almitzasega@gmail.com). Liga Basaburuan (Nafarroa) hasiko da, maiatzaren 25ean, 17:30ean. Ondoren, bigarren saioa Zaldibian da, ekainaren 16an 11:30ean, eta Azpeitian bukatuko da ekainaren 30ean.
Bost multzotan bereiziko dituzte segalariak. 23 urtetik gorako gizonek area bat (10×10 m) ebaki beharko dute, eta emakumeek 35 metro koadro (7×5) edo area bat, aukeran. 16-23 urte artekoen multzoa (mutilek 10×10, neskek 7×5) eta 16tik beherakoena (neska zein mutil, 7x5m) ere badira.
Ligako sailkapenak Europako Sega Txapelketako selekzioa osatzeko hautapena egingo du. Hego Tirolen da lehiaketa, irailaren 6tik 8ra. Bi urtez behin izaten da. Denera 15 segalari joan ahalko dira: 30 urtez beherako lau emakume eta zazpi gizon, eta hortik gorako emakume bat eta 3 gizon.
Datorren astean ere Hego Tirolera joango dira Almitzakoak, Euskal Herriko kultura, gizarte eta politikako ordezkaritza zabalagoaren barruan. Nazio Ukatuen Batzarrean parte hartuko dute, maiatzaren 17tik 19ra. Zelaiak ikusteko baliatuko dute.