Berria.info.- Legazpin indar handia lortu du atez atekoaren aurkako mugimenduak, eta, horren eraginez, udalak moldatu egin du bilketa sistema hori ezartzeko zuen asmoa. «Udal Gobernuarekin bilera eduki genuen herenegun, eta proposamen irekiago bat egin zuen, herrian zer dagoen ikusi dute, eta ezin dute horren aurka joan», esan du Legazpiko atez atekoaren aurkako plataformak. Udalaren txostena jasotzea aztertu, eta ekarpenak egingo dizkiote.
Plataformak apirilaren amaieran galdeketa egin zuen herrian, eta, deituta zeudenen erdiaren parte hartzearekin, ia boto guztiak bosgarren edukiontziak eskuratu zituen: %97,7. «Herritarren gehiengoak atez ateko sistemaren aurkako jarrera erakutsi du, eta ezartzen den sisteman herritarren laguntza beharrezkoa izango dela ohartuta hartu dugu erabakia», esan du aste honetan Legazpiko alkate Kepa Urzelaik.
Udalak egindako proposamenaren arabera, arropa, pilak eta olioa, orain arte bezala, kaleko edukiontzietan bilduko dituzte, eta papera, ontzi arinak eta plastikoa ere bai. Aldaketa edukiontzi berdean izango da; kendu egingo dute. Hala, errefusa atez ate bilduko dute, eta materia organikoa biltzeko hiru aukera eskainiko dizkie udalak bizilagunei: atez ate biltzea, bosgarren edukiontziaren bitartez egitea —giltzarekin edo txiparekin— eta konpostatzea. Bizilagun bakoitzak nahiago duena aukeratuko du.
Atez atekoaren aurkako plataformari proposamena ez zaio «bideragarria» iruditu. «Negoziazio mahaian proposatu zen; teknikoek esan zuten ekonomikoki luzera begira ez dela bideragarria, eta Bildu ados zegoen orduan. Orain, berriz, proposatu egin du. Ez dugu ulertzen, kontraesan bat da», esan dute. Denbora pasatzean bi sistematako bat aukeratu beharko dutela uste dute. Esan dute herrian bosgarren edukiontzia jartzen bada «betiko» geratuko dela. Eta nabarmendu dute akordioak egiteko prest agertu izan direla beti eta hala jarraituko dutela. Plataformako kideek Arartekora jo zuten babes eske, eta Iñigo Lamarca arartekoak esan du udalek erabaki behar dutela zein bilketa sistema ezarri behar duten. «Baina hondakinak herritarrek bereizi behar dituztenez, bilketa modua haiekin ahal bezainbeste adostu beharko luke».