
Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketa hasi da. Lehenbiziko partida atzo iluntzean zen jokatzekoa, Ordizian. Goierriko zazpi herrik antolatu dituzte aurtengo lehiaketarako taldeak, iaz baino bi gehiago denera. Aldaketak badira, ordea. Eskuak indarra berreskuratu du, iaztik. Sekula pasatu ez zena gertatu zen 2012an: palan eskuz baino herri goierritar gehiago aritu ziren, hiru biren aldean. Aurten, esku huskakoan lau herri lehiatuko dira.
Zaldibia da iaztik errepikatuko duen eskuko bakarra, Urretxuk ez duelako talderik atera. Iaz final zortzirenetan Andoainek kanporatu zituzten zaldibiarrak. Horrekin batera, eskualdeko beste hiru klasiko itzuliko dira Herriartekora: urte batzuen ondoren Zumarraga (txapelduna 1970ean eta 1971n, eta txapeldunordea 1982an eta 1984an), Beasain (txapeldunordea 1981ean) eta iazko hutsunearen ondotik Ataun. Eskuz denera 22 herrik parte hartuko dute, iaz baino lau gehiagok.
Palan, Olaberria txapelarekin
Palako adarrean bederatzi herrik eratu dituzte taldeak, iaz baino bat gutxiagok. Larruzko paletan eta pala motzean jokatuko dute jardunaldi bakoitzean, partida bana. Goierrik mantendu egingo du partaidetza. Olaberria, Ordizia eta Lazkao ariko dira. Herriarteko palako oilarretako bat Olaberria da, historikoki.
Bost aldiz irabazi du txapelketa, azkena iaz, Donostiaren aurka, Debako Aldats pilotalekuan. Titulua defenditzea tokatuko zaio orain. Olaberriarekin batera, Donostia bera eta Errenteria dira, beste bosna titulurekin, txapela gehien dituzten herriak. Zesta puntako modalitatean ere jokatuko da Herriartekoa, lau herrirekin.
Zumarraga eta Ataun, gaur
Esku huskakoari dagokionez, final hamaseirenetatik abiatu beharko dute Goierriko lau partaideetatik bik, Zumarragak eta Ataunek. Gaur jokatuko dituzte joaneko partidak, biek ere etxean. Kadete, junior eta nagusien mailan dira neurketak, jardunaldi bakoitzean.
Zumarragak Tolosari egingo dio aurre, gaur 19:00etatik aurrera, Beloki pilotalekuan. Itzulikoak Tolosan jokatuko dituzte, hurrengo asteburuan.
Ataunek Zumarragarekiko aurkako adarretik ekingo dio lehiaketari —finalean bakarrik topatuko lirateke elkarrekin—. Errenteriako pilotarien bisita jasoko dute ataundarrek, gaur 21:30ean, Auzoeta kiroldegian. Jaialdian zehar, bertako jakien saskikada bat zotz egingo dute.
Ataunek honako pilotariekin osatu du Herriarteko taldea: kadeteetan Iraitz Zubizarreta eta Iñigo Zabala; jubeniletan Aitor Azkonobieta eta Aimar Zaldua; eta seniorretan Jon Arratibel eta Eneko Albisu.
Zaldibiak eta Beasainek final zortzirenetan sartuko dira jokoan. Elkarren aurka jokatuko dute, gainera. Joanekoa maaitzaren 26ko asteburuan da, Zaldibian; eta itzulikoa ekainaren 2koan, Beasainen.
Palan, hasten lehena Ordizia
Ordiziak atzo gauean hasi zuen Herriartekoko bidea, Urnietaren aurka. Beti-Alai pilotalekuan jokatu zuten. Edizio hau ixterakoan oraindik ez zen bukatu. Iaz final zortzirenetako lehen koskan kaleratu zuen Debak.
Ordiziaren aldetik Aitor Luzuriaga eta Ricardo Goiburu ariko dira larruzko paletan, eta Iñaki Aranburu eta Josetxo Eriz pala motzean.
Lazkao final-laurdenetan estreinatuko da, Ordizia-Urnieta kanporaketako garailearekin, kanpoan. Olaberriak Debari aurre egin beharko dio, iaz finalaurrean egokitu zitzaion taldeari. Aurreneko jardunaldia Olaberrian izango du.