Koldo Zubeldiak zazpigarren liburua aurkeztuko du gaur, 'Antologia II'
Lehendik kalean dituen sei liburuetan argitaratutako naiz aurreko antologian sartu ez zirenak gehituta, 169 poema bildu ditu Koldo Zubeldia idazleak (Zaldibia, 1956). Aurten idatzitako 15 poema berri daude tartean. Bere bibliografiako zazpigarren alea argitaratu du, autoedizioaren bidetik, Erroteta etxearekin: Antologia II. Gaur 19:00etan Zaldibiako Karreane kultur etxean aurkeztuko du liburua.
Goierriko Hitza-k atzo Zubeldiari egindako elkarrizketa atera zuen.
«Gizarte parte batek duen euskalduntasunak ematen dit poza, askoz gehiagok ez»
Zortzi urtean zazpigarren liburua ondu du Koldo Zubeldiak (Zaldibia, 1956). Lehen argitaratutako olerki sorta aukeratu bati aurten idatzitako beste hamabost gehitu dizkio, Antologia II liburuan. Autoedizioaren formularekin atera du hori ere. Herrikideen aurrean bihar 19:00etan aurkeztuko du, Karreane kultur etxean.
Idazle gisa, 2005ean atera zenuen lehen liburua, Alamartxo ahantzia. Ordudanik beste sei egin dituzu. Uzta oparoa.
Orain dela zortzi urte arte itzultzaile lan egin nuen. Baina ez nuen lan hori egin nahi, ez nintzen itzultzaile ona. Idazlea, bai; sentitzen ditudan gauzak barru-barrutik jartzen ditudalako.
‘Antologia II’ liburua ondu duzu orain. Zer motako lana da?
Azken liburu hau denen bilduma da. 169 poemaz osatua dago. Duela lau urte egin nuen Antologia poetikoa 1984-2009, eta denboran luzatu naiz orain. Han sartu ez nituen 69 poema daude, horietatik hamabost aurten idatziak. Uzta, niretzat, ez da txarra. Errezitaldietan txalo ugari jaso ditut.
Zurea zer nolako poesia dela definituko zenuke?
Poeta modernoekin edo izen horrekin jokatzen dutenekin alderatzeko, nik modernotik asko ez dut uste daukadanik. Jendearen psikologia, atxikimen politikoa edo soziologikoa, estraktoa eta gaineratiko gauzak katalogatzeko ez dago urrutira joan beharrik; bertakoa jakitea ere inportantea da. Nik ez dut egiten mundu mailako teoria bat. Poeta gisa, aberria, herria eta hizkuntza lantzen ditut nik. Beharrezkoena hizkuntza menperatzea da, duin eta hitz ederrekin osatzeko.
Mendia irudi erabilia eta indartsua da zure lanetan.
Bosgarren liburuan, Aralar gogoko iturri-n, irudi bat jarri nuen: ni mendizale, gudari eta idazle bezala, mendian. Poeta igotzen den mundu horrek ez dauka Kangchenjunga izan beharrik, bertako Mirandako muinoa, Artxabal, Txutxuta, Mendibil… baizik. Gudarien, mendizaleen eta artzainen tokia da mendia. Lehengo eta oraingo gudariak mendian ibiltzen ziren. Mendia zure armen gordeleku bezala irudikatzen dut. Bat da gozatzea, bestea borrokatzea, eta bestea lana egitea artzain bezala; hiru gauza arras diferenteak. Poetak denetik egiten du: hitzekin jokatu, mendian ibili eta beste batzuetan lan egin.
Lana egin, zertan?
Poetaren muinak beti lanean ari dira. Momentu edo pasio horri lekua ematen. Maitasuna eta euskarazaletasuna, abertzaletasuna… Nahi duzun adjektiboa ipini, herri maitalea da poeta, sumina eta sutsua. Hori lan filantropikoan islatzen da, jendeak ikasteko, irakurtzeko eta hari laguntzeko delako.
Zer ildotako poemak dira azkenak?
Batetik, minak dauzkat; abertzale izateagatik batzuek mespretxatu, besteek goretsi… Hor dauden gauzak. Aitortzen dut jende asko dagoela aberriaren eta hizkuntzaren aurka. Euskara goretsi nahi dut. Horri eusteari bakarrik ia 40 urte dedikatu diot. Eremu hori lantzen segi beharra dago.
Olerkiek badute hari komunik euren artean?
Herriari eta bere hizkuntzari diodan maitasuna. Nire familiari ere bai, batez ere ama zenari eta Zaldibiako familia guztiari. Filantropia gizabanakoari laguntzea da, eta modu askotara lagundu daiteke. Poeta duina kontsideratzeko, lehendabizi bere buruarekin lasai egon behar du; kezka baldin baduzu, ezabatzeko lana egin.
Testu laburrak dira, hitz gutxi erabiltzen dituzu.
Orain arte 2.000 lerro idatzi eta argitaratu ditut. Normalki, azkeneko poesiak hamar lerrokoak-edo idatzi ditut. Azken aldi honetan hitz gutxiago behar ditut, hitzaren menperakuntza hobea dudalako. Nahiko hobetu naizela uste dut. Lehen denbora gehiago behar nuen hitz eder, poetiko eta duin bat paperean jartzeko.
Nola sortzen duzu poesia?
Begiak gaueko hamabietan zabaltzen ditut, eta arratsaldeko lauretan itxi. Lo arratsaldeko lauretatik hamabietara egiten dut. Goizaldean, egunero 04:30ean, gasolindegian kafesnea hartzen dut. Handik oinez etorri, eta goiz albaren argitan lan egiten dut. Isilik, ez musika ez ezer; pentsatu, idatzi, txorien hotsarekin.
Autoedizioaren bidetik argitaratu dituzu zazpi liburuetatik sei.
Autoedizioan 100-150 ale ateratzea mila euro inguru kostatzen da. Baina beste diru-sarrera batzuk ditut, eta horietatik bizi naiz. Liburuak gozatzeko egiten ditut, euskara-hiztuna izaten jarraitzeko, eta azken urteetan egin dudan lanarekin jarraitzeko askatasuna ematen didalako. Liburuak saltzea ez da etekingarria, egia esateko ez dakit autoedizioa ordaintzeko lain irabazten dudan. Baina etekina buruarentzat, jakituriarentzat eta komunikaziorako da.
Aurrera begira, zer asmo duzu?
Orain antropologia etnografikoa interesatzen zait. Oraindik ez dut ezer egin, baina ikasi dut. Artzainen bizitzaz idaztea gustatuko litzaidake. Antropologian etnolinguistika ere aukeratuko nuke. Ni oso erradikala naiz, etnolinguistikoa: etnia, arraza edo gizarte parte horrek duen euskalduntasuna, bizitasun etnolinguistikoa. Horrek ematen dit poza, eta askoz gauza gehiagok ez.
![Koldo Zubeldia, bere liburu bat sinatzen./Aimar Maiz](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/05/pnga_erakutsi13.gif)
Koldo Zubeldia, bere liburu bat sinatzen./Aimar Maiz