Mirandaolako gurutzearen miraria
Legazpi, maiatzaren 3a, igandea, Santikutz eguna, 1580. urtea. Olagizonak, jaieguna izanda ere, Mirandaolako burdinolan lanean ari ziren. Ez zuten kontzientzia garbi, jakitun baitziren ez zirela ari betetzen Eliza kristauak ezarritako agindua. Burdina lantzen ari ziren labean, barrenean hamabi edo hamahiru librako pisua zuen burdin zati bat baino ez zegoela ikusi zutenean. Are gehiago larritu ziren, burdin zati hark gurutze itxura zuela konturatu zirenean, eta jai egunean lanean aritzeagatik Jainkoak zigortu zituela uste izan zuten.
Gertakaria ezkutatzeko modurik onena gurutzea desagerraraztea zela erabaki zuten, eta ondoko burdinola bateko soberakinetara bota zuten. Baina gurutzearen miraria laster hasi zen bizilagunen artean zabaltzen, eta isilean hasi ziren legazpiarrak gertakari haren inguruko errituak egiten. Gurutzea berreskuratu, eta alboan zegoen San Migel ermitan gorde zuten.
Hirurogeiko hamarkadan, Patricio Etxeberria enpresaburuak Mirandaolako burdinola berreraikitzeko agindua eman zuen, eta 1580ko maiatzaren 3ko jazoera Legazpiko jai nagusien ardatza da ordutik. Egun horretan gurutze santuaren prozesioa egin ohi dute herriko parrokian, eta egun horri jarraitzen dion igandean Mirandaolan irudikatzen dute miraria bera.
Igandean egin zituzten aurtengo ospakizun ekintzak Mirandaolan, ohitura den erromeriarekin. Herri gunetik Mirandaolara sorbaldan hartuta eraman zuten 1580ko gurutzea, eta Victoriano Etxabek egindako mezaren ondoren hasi zen festa. Zuri-gorriz jantzitako ezpata dantzariek saioa egin zuten bertako olagizonen omenez, eta sugarrez inguratuta irekita zuten ola, bisitariek garai hartan burdina nola lantzen zuten ikus zezaten. Olagizonek orduko jantziak —soineko luze zuri bat— eta txapela jantzita hartu zituzten ehunka bisitari, eta herri bazkaria eginez ospatu zuten miraria.
Erromeria egunean ohikoa izaten den moduan, herriko bertsolariek, dantzariek eta trikitilariek saioa egin zuten Mirandaolako frontoian, giro ona lagun bertaratu ziren herritarren gozagarri. Legazpira bueltan eman zieten bukaera Santikutz jaiei herritarrek. Aurrerantzean, urrira arte, igandero jarriko dute martxan XVII. mendeko ola, eguerdietan.
Historialarien ikergaia
Gaur egun festa eguna dena, ordea, historialari askoren ikerlana izan da urtetan. Antonio Prada historialariak Historia eclesiástica de Legazpi liburuan Mirandaolako gertakaria aztertu zuen. Horretarako, Donostiako Elizbarrutiko artxiboan gaia lantzeko garai hartan ireki zen espedientea aztertu zuen. Pradak zehaztu duenez, miraria «Legazpi Seguraren menpe zegoen garaian» gertatu zen. Garai hartan, «olagintzari lotutako bizitza sozial eta politikoa nekazaritza eta abeltzaintzari lotutakoa bezain garrantzitsua zen». XVII. mende hasieratik aurrera, ordea, legazpiarren egoera ekonomikoa «iraultzen» hasi zen. Ordura arte artisautzan eta burdingintzan oinarrituta egon zen ekonomia «ahulduz» zihoan, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren mesedetan. Burdinolak ordurako «ez zituzten herritarrek zuzentzen, kanpotarrek baizik».
Pradak bere buruari galdetzen dio giro nahasi hartan Mirandaolako gertakaria jarduera sozioekonomikoetan eta politikoetan kontrola ez galtzeko olagizonen azken saioa izan ote zen. Hausnarketa horrek «baduela zerbait» esan du, «burdingintzatik bizi zirenek ez baitzuten boterea galdu nahi».
Badira gertakari hura inguratzen duten zenbait portaera ilun. Gurutzearen miraria jazo, eta 53 urtez eutsi zioten gertakariari isilpean legazpiarrek. Jose Antonio Azpiazu historia adituaren ustetan, «egon ziren nahikoa arrazoi mende erdiz gertakari misteriotsu hura isilarazteko».
Hiru azpimarratzen ditu batez ere: «Elizak jaiegun hartan lan egin zuten olagizonen aurkako neurriak har zitzakeen, eta Legazpi Segurarengandik banatzeko ahaleginetan zebilen; horrek gertakaria legazpiarren independentzia asmoak zapuzteko erabil zezakeen. Gainera, XVI. mende amaierako izurriteak kalte handiak eragin zizkion Mirandaolako burdinolaren ardura zuen familiari; bizilagunek hogei urte lehenago gertatu zenaren zigortzat hartzen zuten hura, isilean».
Mende erdiz isilpean
Komunitateak ustezko errudunak Elizaren zigorretatik aske zeudela iritzi zionean bakarrik jakinarazi zen gertakaria, 1633an; «1580ko maiatzeko zorigaiztoko igande hartan lanean aritu zen azken olagizona zendu zen urtean». Ignacio Arbide historialariak azaldu duenez, «monsinore Pedro Zorrila Iruñeko gotzaina Urretxun bisitan zegoela eskatu zion Legazpiko herriak miraria aitortzeko». Prozesu bat ireki zuen gotzainak, eta, gertakaria aztertu ondoren, «Mirandaolako gurutzearen kultua onartu eta aitortu» zuen Elizak.
Mirandaolako fenomenoa laikotasunarekin lotzeko zantzuak ere aurkitu ditu Arbidek. «Laikoak ziren miraria jazo zen egunean lanean aritu ziren olagizonak, laikoa, baita ere, gurutzea lehenengoz ikusi zuen gizona, baita hori San Migel ermitan gorde zutenak edo gotzainari miraria aitortzeko eskatu zioten herritarrak ere». Mirandaolak ez du santutegi handien bilakaerarik izan, baina «Euskal Herriko historia erlijiosoaren gune garrantzitsua da».
Ramon Martin historialariarentzat, «garai hartako kultur testuinguruan errotutako fenomeno erlijioso bat da» Mirandaolan gertatutakoa. Elizak garai hartako erlijio kristaua indartzeko egindako mugimendu bat izan zen Martinentzat gertaera mirari aitortzea. Horren bitartez «jaiegunak gordetzeko agindua betearazteko eredua» bilatu nahi zuen.
Erlijioa eta ohiturak
Iruñeko gotzainak miraria aitortzeko izan zuen presa «erlijio kristau ofiziala aldatzen ari zen» zantzua da. Izan ere, «hamar eguneko epean eta gertakaria entzutez soilik ezagutzen zuten pertsonen testigantzetan oinarrituta» aitortu zuten miraria. Horregatik, gertaeraren izaera laikoa baino gehiago «bi erlijioen arteko kontrastea» da Mirandaolakoa Martinentzat.
Argitzerik ez dago gertakaria kontatzen den bezala jazo zen, benetan miraria izan zen ala interes jakin batzuengatik asmatutako istorio bat den. Baina orduan gertatutakoak bizirik dirau, eta legazpiarrek urtero gurtzen dute Mirandaolako gurutze santua Santikutz jaien testuinguruan.