Nafarroako Gobernuak dio ez dutela Iruñea eta Ezkio-Itsaso lotuko lituzkeen AHTren zatia egingo
Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi du Iruñea eta Euskal Y lotuko lituzkeen AHTren zatia eraikitzeko proiektua. Iruñea eta Castejon arteko zatiari eutsiko diote, baina Nafarroako zatia Ezkio-Itsasoko geltokiarekin lotzeko lanak ez dituzte egingo, epe motz eta ertainean behintzat. Hala zehaztu du Nafarroako Sustapen kontseilari Luis Zarralukik, Nafarroako Parlamentuan. “Eusko Jaurlaritzak Ezkio-Itsaso bitarteko loturaren alde egiten du. Lanean ari gara, haiekin eta Espainiako Gobernuarekin. Madrilera joanen gara dauden alternatiben berri jasotzera. Ez dugu aukera hori bazter uzten, baina epe luzerako helburua da. 2024rako? nik zer dakit! zaila ikusten dut”, esan du, Sustapen Batzordeko parlamentarien aurrean.
Eusko Jaurlaritza ari da AHTren Gipuzkoako zatiko lanak egiten, eta beraien asmoa, Ezkio-Itsasoko geltokiaren bidez Euskal Y-a eta Nafarroako korridorea lotzea zen, baina Nafarroako Gobernuaren azken erabakiak zalantzan utzi du lotura hori egingo ote den. Nafarroako AHTren zati osoaren hasierako proiektua 4.000 milioi eurokoa zen, baina orain, 1.200 eurora murriztu dute. Zarralukik argi utzi du proiektua aldatzeko arrazoia egungo egoera ekonomikoa dela