
Abiadura Handiko Trenaren aurka Mariaratzen egindako protesta batean parte hartu zuten bi gazte epaituko dituzte datorren astean. Ordizia eta Beasain arteko gunean, AHTren kontra protesta egiteko, bidoi bati kateatu ziren bi gazteak, makinen bidea oztopatu nahian. Horiei babesa emateko, AHTren kontrako plataformek elkarretaratzea deitu dute. Donostiako epaitegien aurrean bilduko dira, hilaren 23an, goizeko 10:30ean.
2008ko ekainaren 3an egin zuten protesta Mariaratzen, Beasain eta Ordizia artean, AHTren lanetarako sarbidean. Aparkalekuaren sarreran, hormigoiz betetako bidoiaren barruan besoak sartuta mugitu ezinik geratu ziren ekintzaileak eta, hala, kamioien sartu-irtena eragotzi zuten. Gazteak bidoietatik askatzeko Ordiziako suhiltzaileen laguntza behar izan zuten ertzainek. Ordu eta erdiz aritu behar izan zuten suhiltzaileek ekintzaileen besoak bidoietatik ateratzeko.
Gipuzkoako Fiskaltzak ekintza “aurrez ados jarrita eta ordena publikoa nahasteko intentzioarekin” egin zela dio eta hori delitua dela irizten du. Horregatik, bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du bi gazteentzat. Gainera, ekintzak eragin zituen gastuak bi akusatuek ordaintzeko eskatu du Fiskaltzak.