
Orain hamabost egun Valladolideko beste talde bat izan bazuen parez pare Ampo Ordiziak Espainiako Kopako finalean –VRAC Quesos Entrepinares– , etzi hiri bereko Centransa El Salvadorren aurka ekingo dio Goierriko taldeak ligako titulua lortzeko borrokari. Partida bakarrera jokatuko dira final laurdenak, eta galtzaileak agur esango dio 2012-2013 denboraldi ofizialari. Pepe Rojo zelaian izango da lehia, 12:30ean. Final laurdenetako beste partida Urbieta zelaian jokatuko dute bihar, 17:00etan, Bizkaia Gernikak eta Atletiko Madrilek.
Ordiziak El Salvador mendean hartzen badu, Valladolidera joan beharko du atzera datorren asteburuan, Quesosen aurka jokatu beharko baitu finalerdia. Gernika eta Madrilen arteko irabazleak, berriz, Kataluniara joan beharko du Santboainaren aurka lehiatzera. Ligako finala ekaineko lehen asteburuan izango da.
Talde animatzera joateko autobus bat antolatu du zaletu talde batek, 20 euroan. Etzi abiatuko da Arboladitik (08:00). Izena emateko 615 761 213 edo 689 055 240 zenbakietara deitu beharra dago.
Lasaiago, baina erlaxatu gabe
Ampo Ordiziak eta El Salvadorrek hiru aldiz jokatu dute aurten elkarren kontra, eta balantza berdinduta dago. Espainiako Kopako final laurdenetako partida izan zen aurrenekoa –iazko urrian– eta etxekoek 24-8 irabazi zuten. Iazko abenduan Pepe Rojon jokatutako ligako partidan gaztelarrak erraz nagusitu ziren (30-5), eta orain hilabete jokatu zuten azkenekoz elkarren aurka Altamiran, eta 22na bukatu zen partida hura. Norgehiagoka horretan galdu zuen Ordiziak final laurdenak etxean jokatzeko aukera.
Kopa irabazteak eman dion lasaitasunarekin egingo dio aurre etziko partidari Ampo Ordiziak, baina horrek ez du esan nahi erlaxatuta joango direnik, «lehiaketan segitzeko gogoa» badagoelako taldean. «Partida hau etxean jokatzeko aukera galdu genuen, baina orain aurrera begiratu behar dugu, eta beste sari baten bila joan», azaldu du Axio Araña entrenatzaileak. Gaztelarrek «sasoiko unerik onenean» daudela adierazi dute, baina haien kezka da hiru aste daramatzatela partida ofizialik jokatu gabe.
Ordiziak galtzen badu, jokalari bat baino gehiagorentzat azken partida izango da, Joanes Aierbe kapitainarentzat tartean.