Metaleko hitzarmena «alarma gorrian» dagoela salatu dute
Gipuzkoako metalgintza arloko lan hitzarmenaren inguruan «alarma gorria» dagoela salatu du LAB sindikatuak, eta hilaren 24an, ostirala, sektore horretako lantegietan greba egiteko deia egin du, sei arrazoi argudiatuta. Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena desagertuko balitz, Estatuko Metalgintza Hitzarmena ezartzeko arriskuaz ohartarazten du sindikatuak.
Hala balitz, «enpresetan dagozkigun eskubideei eusteko bakarrik, izugarrizko borroka» beharko luketela diote, eta erabakiak Madrilen hartuko liratekeela. Hala gertatzen bada langileek «askoz lan baldintza okerragoak» izango lituzketela dio LABek. Hitzarmenik lortu ezean, «sektoreko langileen %75 hitzarmenik eta eskubiderik gabe» geratuko litzateke sindikatuaren iritziz. «Metalgintza hitzarmena itzaltzen uzteak elkartasunik gabeko jarrera erakusten du» LABentzat. Hitzarmen propioa izango luketen gainerako langileen %25ak ere ondorioak jasango dituela ohartarazten dute, «prezio lehiakorragoak ekarriko lituzke, eta horrekin gainerako lantegietan ere soldatak murriztu beharko dira, edo langileak kaleratu».
Hori guztia kontuan hartuta, metalgintzako hitzarmena babestuz lan erreformari aurre egiteko deia egiten dute sindikatutik, «borondatea baldin badago, herrialdeko hitzarmena blindatu egin litekeelako». Gipuzkoako papergintzako edo Bikaiko gasolindegietako adibideak jarri ditu horren erakusgarri LABek.