Olaberriako ikasleak eta irakasleak Gipuzkoako Foru Aldundian
Olaberriako ikasleak, irakasleak, eta udal ordezkariak Gipuzkoako Forua Aldundian izan dira gaur, Martin Garitano diputatu nagusiarekin eta Ikerne Badiola eta Iñaki Errazkin diputatuekin, eta bertan jakinarazi dutenez, ekainaren 9an Olaberrian egingo den Gipuzkoako Eskola Txikien festarako 8.000 euroko laguntza emango du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Foru Jauregiaren eskaileretan hartu ditu diputatu nagusiak Olaberriako ikasleak, eta ohorezko argazkia eginda Diputatuen Kontseiluan egin dute agerraldia Garitanok eta Olaberriako ikasleek. Bertan Garitanok azaldu du Eskola Txikiak laguntzea oso garrantzitsua dela aldundiarentzat, “Gipuzkoa osatzeko eta antolatzeko erabat beharrezkoa” baita lurralde kohesioa mantentzea. Horretatako Eskola Txikiek duten garrantzia azpimarratu du diputatu nagusiak: “Eskola Txikietan balore asko gordetzen dira, agian, eskola edo herri handietan galdu edo urtu egiten direnak. Eskola txikietan gotorlekua daukazue. Horregatik nahi dugu lagundu eta jaia zuekin ospatu”, aipatu du.
Foru Aldundiaren iritziz, elkartearen eta festaren helburuei esker hezkuntza zentroak Gipuzkoako landa eta auzo guneetan mantendu egin daitezke, eta festa bezalako “ekimenek lagundu egiten dute Gipuzkoaren identitatea mantentzen”.