Jon Alustiza: «Leuzemiadun haurrek beti hunkitu naute»
Jon Alustizak (Idiazabal, 1989) mendiko lasterketak gustuko ditu eta aurten bere zaletasuna eta elkartasuna uztartzea erabaki du. Horretarako, Pausoz Pauso Ultra Trail 2013 egitasmoa martxan jarri du. Lasterketetan leuzemia duten gaixoen beharrak ezagutzera ematen eta gaixotasun honen aurka dirua biltzen ari da. Dagoeneko 80 kilometrotik gorako bi probatan parte hartu du eta igandean Zegama-Aizkorri maratoian arituko da.
Zein ibilbide osatu duzu kirol munduan?
Umetatik kirol batean edo bestean aritu naiz. Futbolean jokatu nuen eta duela urte batzuk lasterketetan parte hartzen hasi nintzen. Goierriko Bi Handiak izan zen egin nuen lehena, 2011n. Iaz Idiazabalgo mendi lasterketa taldearekin korrika egiten hasi nintzen eta, hala, lasterketa gehiagotan parte hartu nuen. Euskadiko Kopako lasterketetan eta Aizkorriko maratoian parte hartu nuen.
Nola sortu da Pausoz Pauso egitasmoa?
Lasterketa luzeak bereziki gustuko ditut eta zer edo zer ezberdina egitea erabaki nuen. Hasiera batean, kirol erronka hutsa zen. Nire asmoa Euskal Herriko eta inguruko lasterketa luzeetan parte hartzea zen. Egitasmoari zer edo zer falta zitzaiola iruditu zitzaidan eta osagarri solidarioa ematea erabaki nuen.
Zer egin zenuen horretarako?
Josep Carreras fundazioarekin harremanetan jarri nintzen eta beraiek laguntzeko prest agertu ziren. Hala, dirua biltzen ari naiz leuzemiaren aurka.
Zergatik leuzemiaren aurka eta ez beste edozein gaitzen aurka?
Leuzemia duten haurren arazoak bereziki hunkitu nau beti. Hori dela eta, euren alde aletxoa jartzea erabaki nuen. Josep Carreras fundazioak urte asko daramatza leuzemiaren aurka borrokan eta eurekin jarri nintzen harremanetan. Fundazio hau lan bikaina egiten ari da.
Nola hartu zuten fundaziokoek zure proposamena?
Ondo. Euren lehen kezka mendiko lasterketak eta leuzemiaren aurkako borroka nola uztartu izan zen. Dirua biltzeko web orri bat sortzea gomendatu zidaten. Bertan nire erronkaren eta leuzemiaren aurkako borrokaren berri ematen dut. Jendeak nire web orrian ematen duen dirua, Josep Carreras fundaziora joaten da zuzenean. Gainera, fundazioaren web orrian nire egitasmoaren berri ematen dute.
Lasterketetan zer egiten duzu Pausoz Pauso egitasmoaren berri emateko?
Lasterketa hasi aurretik fundazioaren elastikoa eramaten dut soinean eta lasterketak pajarita laranja batekin egiten ditut. Pajarita hau leuzemiaren aurkako borrokaren sinboloa da.
Ondo al doa dena?
Hasiera neketsu samarra izan zen, baina pixkanaka aurrera egiten ari gara. Urte hasieran egutegiak eta zozketa-txartelak salgai jarri genituen eta horien bitartez ere dirua biltzea lortu dugu. Jendeari zera erakutsi nahi diogu, denok apur bat eginez gauza handiak lor daitezkeela.
Zer diozu kirol erronkaz?
Lehenengo lasterketa Bizkaian egin nuen. Zaramillon, Bilbo ondoan. Apuko Xtreme du izena eta 84kilometroko luzera eta 4.484 metroko desnibel positiboa ditu. Bilbo inguruko mendi ezagunak igo nituen, tartean Pagasarri. Lehen lasterketa zenez, lasai hartu nuen. Gustura bukatu nuen, nahiz eta ezusteko batzuk izan nituen. Elikadurarekin izan nituen arazo gehien.
Duela bi aste, berriz, Kanaria Handiko (Espainia) Transvulcania Salomon Natur Trail lasterketan parte hartu zenuen.
Lasterketa hau La Palma irlan antolatzen dute eta 83 kilometro ditu. Lehen lasterketan baino okerrago ibili nintzen, belaunean min apur bat nuela joan bainintzen. Korrika egiteko moduan nengoela uste nuen, baina erretiratu beharra izan nuen. Zapore garratz samarrarekin itzuli nintzen.
Nola ikusten duzu zure burua igandeko lasterketarako? Behar bezala osatu al zara?
La Palmatik atsekabetuta itzuli nintzen, baina dagoeneko Zegama-Aizkorri lasterketan dut jarrita burua. Bi aste bakarrik ditut osatzeko, baina parte hartzeko asmoa dut. Ahal badut, bukatu egingo dut. Lasterketa hau etxean antolatzen da eta saiatu beharra dut. Gainera, Zegama-Aizkorri maratoia oso ospetsua da eta xarma berezia du.
Ondoren, beste bost lasterketetan parte hartzeko asmoa duzu.
Ekainaren 8an Cerdanyara (Herrialde Katalanak) joango naiz eta 20an Ordinora (Herrialde Katalanak). Uztailaren 13an Goierriko Bi Handiak lasterketan parte hartuko dut eta 27an Aragoiko Vuelta al Aneto Trangoworld delakoan. Bukatzeko, irailean Bergara (Herrialde Katalanak) joango naiz.
Datorren urtean zer egin behar duzun pentsatu al duzu?
Aurtengo lasterketa guztiak, igande honetakoa ez ezik, 80 kilometrotik gorakoak dira. Oraingoz, hauek egitearekin nahiko dut. Oraindik ez dut datorren urteko egitasmoan pentsatu.
Zer egin behar dute zure egitasmoarekin bat egin nahi dutenek?
Jendea pausozpausout.wordpress.com blogean sar daiteke eta leuzemiaren aurkako borrokarako dirua eman dezake. Esan bezala, dirua Josep Carreras fundazioaren eskuetara pasatzen da zuzenean. Fundazioak leuzemiaren inguruko ikerketak egiteko erabiltzen du dirua. Diru apur batekin besteen bizitza asko hobetzeko aukera dugu. Hori dela eta, jendeari bere aletxoa jartzeko eskatu nahi diot.