
Gaur goizean hasiera emanda, bihar arte izango da XVIII. Erdi Aroko Azoka Ordizian. Usain bereziz, argiz eta kolorez bete dira herriko kaleak goizean goizetik. Herrian azoka berezia da honakoa, lehen orduetan jende gutxi bazebilen ere eguerdia gerturatu ahala giroa alaitzen joan da. Herriko plaza eta kaleetan dozenaka postu jarri dituzte, 70 baino gehiago. Sendabelarrak, elikagaiak, xaboiak, egurrezko jostailuak… denetarik ikus daiteke. Saltokiak zein artisauak garaiko elementu eta jantziekin atondu dira; eta aspaldiko lan-moduen erakustaldiak ere egin dituzte.
Goizeko hamaiketan segizioaren desfilea egitekoa bazen ere, euriak eraginda edo atzeratu egin dute. Hala ere, egunean zehar izango da aukerarik errege, armaduradun soldaduak eta juglareak ikusteko. Irudimenari bere bidea egiten utzi eta historian zehar bidaiatzeko aukera paregabea eskainiko du egunotan Ordiziak. Guztia musika eskolako bandak eta herriko dantzariek lagunduta.
Gaurko prestatu dituzten ekitaldiekin jarraituz, arratsaldeko 17:00etan segizioaren bigarren desfilea egingo dute eta eguerdiko atsedenaren ondoren azokako saltoki eta tailerrak irekiko dituzte. 18:30etik aurrera Beti Argi banda eta Larrun-Arri abesbatzaren saioak izango dira.
Bihar, igandea, goizeko 11:00etan emango diote azokari irekiera, 11:30ean desfilea egingo dute eta 12:30ean Laguntasuna Errondailaren saioa entzun ahal izango da. Arratsaldean ere irekiko dituzte postuak.