
“Gure eskola txikia, gure txoko bizia, gure eskola txikia mundu handia”. Aitor Furundarenaren musikaren erritmora gorputzak berotzen aritu dira haur eta gurasoak gaur Olaberrian. Goierriko eskola txikien bederatzigarren festa eguna aitzaki hartuta, “herri txikiek eta eskola txikiek bizirik dirautela eta bizirik jarraitu nahi dutela” aldarrikatu dute.
Itsasondo, Zerain eta Gabiriako haurrak eta gurasoak hartu dituzte Olaberrian; eta festa giroan pasa dute arratsaldea denak batera. Lauak aldean egin diete harrera gonbidatuei eta dantza saioaren ondoren, udaletxeko pleno aretoan Amaia Intxausti, Jaione Sasieta eta Juanito Rubio korrikalariak elkarrizketatu dituzte txikiek.
Korrikalari, guraso zein haurrek korrika saioa egin dute elizaren inguruan, indarrak berreskuratzeko askaldu eta Mertxe Aizpuruaren ipuin kontakizunarekin eman diote amaiera arratsaldeari.
2005ean hasi ziren lau herri hauetako irakasle, ikasle zein gurasoak eguna jarri eta elkarrekin biltzen, ezagutzak eta asmoak elkarbanatu asmoz. Olaberrian orain zortzi urte egin zen lehenengoz festa. Urtez urte, eskolek elkarri pasatzen diote festa antolatzeko ardura.