
Hainbat jatorritako Urretxuko bizilagunak herriko plaza aukeratu dute topagune asteburu honetan. Goizeko hamaiketan eman diote hasiera Kulturen Azoka koloretsuari. Hainbat postu prestatu dituzte plazan, musika, artesau produktu zein jakiekin; hennarekin marrazkiak eta ilean txirikordak egiten ere aritu dira. Goizean, euriak hala behartuta, aterpean aurkitu dute babesa bertaratuek. Argentina, Pakistan, Senegal, Maroko zein Euskal Herriko jaki tipikoak prestatu eta dastatu dituzte.
Arratsaldeko 17:00etan emango diote jarraipena azokari, 20:00ak arte. Munduko hainbat txokotako musikek girotuko dute azoka. Tartean, dantza afrikarrak eta Samba Dzanga taldearen ikuskizunak izango dira.
Ekimena Urretxuko Udalak Bultzatutako Bizikidetza Mahaitik sortu da. Helburuak “elkar ezagutza sustatzea, herritarren lehentasun eta helburu komunak identifikatzea eta elkartzeko leku berriak sortzea dira”, antolatzaileen arabera.