Gipuzkoako Eskolarteko 33. Bertsolari Txapelketaren finalak goierritar kutsu nabarmena izango du. Finala gaur jokatuko da, 16:00etan hasita, Tolosako (Gipuzkoa) Leidor antzokian. Gaztetxoen mailan lau taldeetako bat Goierrikoa da; helduetan, gehiengoa eskualdeko bertsolariek izango dute, kopuruz: zortzi finalistatik bost goierritarrak dira.
Aurreko ostiralean Lazkaon jokatu zen kanporaketa faseko laugarren eta azken saioa. Ikastolan idatzi zituzten bertsopaperak, eta bat-bateko saioa Areria antzokian egin zuten. Hura bukatu orduko, eta Lazkaoko lanen puntuazioak jakin orduko, finkatu zen finaleko partaideen zerrenda.
Tolosako finala ere bi zatitan bereiziko dute. Batetik, gaztetxoetan taldeka jardungo dira, 14 urte arteko haurrak. Launa laguneko lau taldek parte hartuko dute. Goierriko Bertso Eskolako Ordiziako taldea izango da bat, hain zuzen Lazkaon kantatu ondoren sailkatzea lortu zuena. Oiartzun, Zarautz D —hori ere Lazkaon aritu zen— eta Aretxabaleta dira besteak.
Ondoren, helduen mailakoen (15-18 urte bitartekoak) finala jokatuko da. Zortzi bertsolarietatik Goierriko bostak hauek dira: Maialen Akizu (Urretxu), Gemma Urteaga (Beasain), Aratz Igartzabal (Gabiria), Aitor Irastortza (Zaldibia) eta Mikel Iturriotz (Urretxu). Maialen Lujanbio bertsolari txapeldunak aurkeztuko du saioa. Epaile lanetan Martin Aramendi eta Maite Sukia ataundarrak, eta Aitzol Astigarraga.
Lazkaoko saioa
Helduen mailan, Lazkaoko kanporaketan bi lagunek lortu zuten finalerako txartela, Urteaga beasaindarrak eta Irastortza zaldibiarrak. Partaide ziren Iñaki Rezusta ormaiztegiarra, Mikel Tapia eta Paul Iruretagoiena ataundarrak, eta Mikel Oria zeraindarra ere, zortzi bertsolariren artean.
Gaztetxoen artean oparoa izan zen emaitza. Hiru talde kantari, eta bi finalera pasatu ziren.

Lazkaoko saioan aritu ziren zortzi bertsolariak, aurkezlearekin./Gorka Azkarate
Gipuzkoako finala
Gaztetxoak (14 urte arte). Taldeka.
- Oiartzun. Xuban Martiarena, Jokin Irastortza, Josu Ibarguren eta Aiora Mantxeño.
- Zarautz D. Ane Peñagarikano, Jone Makazaga, Irati Tolosa eta Libe Goenaga.
- Aretxabaleta. Ixak Sarasua, Haizea Arana, Oihana Arana eta Mariaxe Ruiz de Austri.
- Goierri-Ordizia. Iraitz Sarasola, Oier Ibartzabal, Gartxot Ramirez eta Ane Beloki.
Helduak (15-18 urte). Bakarka.
- Maialen Akizu. Urretxu (Joxemari Iparragirre institutua).
- Gemma Urteaga. Beasain (Txindoki institutua).
- Aratz Igartzabal. Gabiria (Txindoki institutua).
- Aitor Irastortza. Zaldibia (Oianguren institutua).
- Mikel Iturriotz. Urretxu (Garaialde lizeoa).
- Ane Zuazubizkar. Arrasate.
- Eñaut Martikorena. Andoain.
- Eli Pagola. Hernani.