«Ondo bizi garela esaten da bai,baina ez da egia, ez gara geldirik egoten»
Aitor Mendiarazek (Urretxu, 1962) 10 urte egingo ditu uztailean Urretxuko Udaleko brigadan lan egiten hasi zenetik. Lana oso gustuko du urretxuarrak, batez ere «egunero zerbait ezberdina egiteko aukera» ematen diolako. Alderik txarrena, aldiz, negua dela dio, eta termometroak gradu gutxi markatzen dituenean kalean lan egitea «gogorra» dela aitortzen du.
Uztailean 10 urte egingo dituzu brigadan lanean hasi zinela.
Bai, nola pasatzen den denbora! Oposizioak atera ziren eta aurkeztea erabaki nuen. Hamazazpi lagunek egin genituen probak lanpostu bakarrerako, eta ni aukeratu ninduten. Proba teorikoa eta praktikoa pasa behar izan genituela gogoratzen dut. Praktikoan pareta bat altxatu edo kutxatila bat eginarazi ziguten. Horrez gain, esparru ezberdinak menperatzea, igeltserotza, elektrizitatea… edo euskara maila ona izatea ere eskatzen zuten.
Zeintzuk dira brigadako kideek egin beharreko lanak?
Lan ezberdin asko egiten ditugu. Orokorrean bi multzotan banatu daitezke. Festa eta ekitaldi ezberdinetako muntaketa lanak, materialen lekualdatzeak edo udal eraikinak hornitzea leudeke batetik. Bestetik, hiri altzarien edo eraikinen mantenua dago. Puskatutako harlauza bat jarri, elektrizitate lanak egin, egon daitezkeen matxurak konpondu… Alor bat baino gehiago ukitzen dugu. Taldekideak elkarren osagarri gara.
Urtaroek eragiten al diote zuen lan erritmoari?
Urtaroen arabera lan bat edo bestea lehenesten dugu. Orain, adibidez, festen egitarauari ekingo diogu. Muntaketa lan asko izaten ditugu ia asteburu guztietan. Igeltserotza lanak edo gisa horretakoak gutxiago egiten ditugu garai honetan. Negua, adibidez, egokia izaten da mantenu lanetarako. Elurra gutxitan egiten badu ere, lan askoko egunak izaten dira.
Bizimodua erraz ateratzen duzuela esaten da. Egia al da?
Ondo bizi garela esaten da, bai. Baina ez da egia, ez gara geldirik egoten. Ordutegia primerakoa da, 7:30etik 15:00etara egiten dugu lan, baina tokatzen denean asteburuetan eta jai egunetan ere lan egin behar izaten dugu.
Lanak alde txarrak ere izango ditu, ala?
Gogorrena neguan kanpoan lan egin behar izatea da. Eta adinean aurrera noala, gehiago.
Nolakoa da herritarrekin harremana?
Askotan eta edozer gauzatarako gerturatzen da jendea gugana. Brigadakook barneratuta daukagu herritarrekin harremana derrigorrezkoa dela, gu baikara askotan udalarekin daukaten lehenengo erreferentzia. Sarri, modu txarrean datorrenari ere ondo erantzuten jakin behar dugu.
Krisia dela eta, zuen lan bolumenak gora egin al du?
Bai. Lehen, adibidez, espaloietako puskatutako harlauzak enpresa pribatu batek aldatzen zituen. Orain, lan hori guk egiten dugu. Hilabetean behin elkartzen gara lanaren banaketa eta egindakoaren balorazioa egiteko.