Goi tentsioko linearen aurkako plataformak inposiziotzat hartu du Deikaztelu-Itsaso proiektua
Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko argindar linearen proiektua erakusketa publikoan jarri du REE Red Electrica de España SA enpresak, eta udaletara iritsi da proiektua. Horren aurrean, Autopista Elektrikorik Ez aurkako plataformak gaur esan du Espainiako Gobernuaren Industria eta Energia Ministerioak inposizioz ezarriko duela proiektu hori. Nafarroako eta Gipuzkoakoa 173 alkatek maiatzaren 15ean Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan aurkeztutako eskariari ez diola kasurik egin salatu du. Proiektuaren tramitazioa geraraztea, eta erakusketa publikoan ez jartzea eskatu zuten alkateek, harik eta 2014-2022 eperako plangintza elektrikoa onartzen ez den bitartean, behintzat. REE Red Electrica de España SA enpresak —proiektuaren egilea eta sustatzailea— maiatzaren 31n argitaratu zuen proiektuaren erakusketa publikoa eta baimen eskaera Gipuzkoako eta Nafarroako aldizkari ofizialetan.
Autopista Elektrikorik Ez plataformak Donostian prentsaurrekoa egin du, gaur. Han ziren Gabiriako alkate Ibon Elgarresta eta Mutiloako alkate Iñaki Ugalde ere. Ugaldek, proiektuaren aurka dauden 216 udal eta kontzejuen izenean, esan du kaltetuak izango diren ia herri guztietako erakunde lokalen ordezkariekiko errespetu falta izan duela Espainiako Gobernuak, eta jarrera hori gaitzetsi du. Neurri horretako proiektu erraldoi bat horrenbesteko “azkartasunarekin” tramitatu nahi izatea “harrigarritzat” jo du. Gogorarazi du REEk berak aitortu duela inolako urgentziarik ez daukala linea horrek. “Herrien etorkizuneko garapena baldintzatuko du. Gainera, beharraren justifikaziorik ez dago ez hornikuntza aldetik, ez energia eskaera aldetik”.
Plataformaren bozeramaile Alberto Friasek gaineratu du autopista elektriko horrek 127 kilometro luze eta 50 metro zabal izango dituela, Deikaztelu (Nafarroa) eta Itsaso (Ezkio-Itsaso, Goierri) artean. 248 dorre eraikiko dituzte, 85 metroko altuera ere hartuko dutenak. “Natura 2000 Sarean babestuta dauden eremuei zuzenean eragingo die lineak, Urbasa-Andia edo Oria Garaia zaintza bereziko zonaldeei adibidez, galtzeko arriskuan dauden espezieen Euskal Katalogoko 57 motari ere bai, eta hiru mila zuhaitz (623 haritz, 613 pago eta 268 arte) moztea ekarriko luke berehalako ondoriotzat”.
Europako arauak hautsiz
Prentsaurrekoa Donostiako Atotxa dorrearen oinean egin dute, hain justu. Hiriko etxebizitza garaiena da, 70 metro altukoa. Alderaketa egin dute, eraiki nahi dituzten dorreen altuera 85 metrokoa dela nabarmenduz.
Bestetik, Friasek esan du jendaurrean jarritako proiektuak ez duela betetzen Europako Batasunaren Prekauzio Printzipioa, eremu elektromagnetikoek osasunean izan dezaketen kalteen ingurukoa. “Proiektuaren memorian dioenez, 28 herri lineatik 1.000 metrora baino gutxiagora geratuko lirateke, bost herrigune 500 metro baino gutxiagora, eta 17 etxebizitza 300 metro baino gutxiagora”. Kaltetutako eskualdeek etorkizunean ez dutela garapen proiekturik bideratzerik izango gaineratu du, eta gaur egun indarrean dagoen araudia de facto indargabetuko duela.
Ekainaren 16an, hurrengo igandean, Nafarroako eta Gipuzkoako 34 udalerritan —tartean dira Goierriko Gabiria, Mutiloa eta Zerain— burutuko diren herri kontsultetan parte hartzeko eskatu du plataformak. Erakundeei, berriz, —Diputazioarengandik eta gobernu atuonomikoengandik hasita—, aterako diren emaitzak aintzat hartzeko eta boto-kutxetan herritarren gehiengoak islatutako nahia errespetatzeko eskatu die.