Azpillako buelta
Segurako erdigunetik hasi eta bertan bukatu. Horretarako aukera ematen du Azpillako itzuliak. Plazatik irten eta Kale Nagusian behera edo gora egin dezakegu, ibilbidea bi norazkotan egin baitaiteke. Gure kasuan, Kale Nagusian behera egingo dugu, Germanene aldera. Beheko gurutzearen parera iritsitakoan, aurrera egingo dugu bidean, herri sarrerako zuhaitzen albotik.
Hilerrira igotzeko bidea hartuko dugu orduan, belar meta edo zuhatz baten ondotik pasatuta. Hilerria atzean utzi eta Aizkoeta aldera egin behar dugu ondoren, aldapa gora, Aierbe jartzen duen seinaleari jarraituz. Aizkoeta erdi, Aizkoeta goena, Aizkoeta berri eta Aizkoeta baserrien ondotik igaro eta errepidean aurrera egin behar da.
Aldapa gora da Aizkoeta baserrira arteko bidea, eta behin bertara iritsita, Segurako etxebizitzen teilatuak, Madurako belardiak, Zerain eta inguruko mendiak ikusiko ditugu, parez pare. Bertan dago kokauta Segura Irratiko hedagailua edo errepikagailua izan zena ere, gaur egun etxebizitza dena.
Aurrera jarraituta Oriamuño, San Bizente eta Egileor baserriak zeharkatuko ditugu, bide erraz eta laua jarraituz, eta metro gutxira Idiazabal aldera edo Segura aldera joateko bidegurutzearekin egingo dugu topo. Guk Segurara jaisteko bidea hartuko dugu –nahi duenak Idiazabalen ere buka dezake ibilbidea–.
Aurretik igotako malda jaisteko ordua da. Segurako beste irudi panoramiko bat alboan dugula Mendotze eta Mautsotegi baserrien ondotik igaroko gara, Itrruberri izeneko iturrira iritsi arte.
Usain eta zapore bereziko iturria da Itturriberri. Orain urte batzuk berritu egin zuten, eta iturri dotorea da, oinez egindako itzuliaren ondoren eztarria freskatzeko egokia.
Galtzada agerian
Itturriberri iturriaren ondoan, bertatik Eguzkitze baserrira arte doan kaltzada ikusi liteke, eta nahi duenak bertatik Eguzkitzera arteko tartea ere egin dezake –Segura eta Idiazabal arteko bidegurutze ondoraino. Bidea egitea erabakitzen duenak, aurretik egindako zatia errepikatu beharko du berriro herrigunera jaisteko–.
Garai bateko bideak berreskuratzeko helburuarekin jarri dute berriro agerian harrizko galtzada, eta Segurako Udalak ibilbide bat lantzeko asmoa ere badu bide berria aitzakia hartuta Azpillako ibilbide hau ezagutzera emateko.
Itturriberri atzean utzita, Seguran azkena eraiki dituzten etxebizitzen artetik egingo dugu berriro herri erdigunera. Mojen konbentuaren parera irtengo gara bidean aurrera eginda, eta handik haurrentzako jolaserako gune den parkera.
Ibilbideari plazan emango diogu amaiera. Oraindik ezagutzen ez duenarentzat aukera polita da Segura gainaldetik zeharkatu ondoren herriko kaleetan zehar itzulia egin eta herrian horren bereizgarri diren armarriak, eraikinak eta jauregiak ikusteko.
Hasieran esan bezala, ibilbidea kontrako noranzkoan ere egin liteke, Itturriberritik gora joan eta Madalenatik itzuliz.