Zubierreka industrialdera zubi berria eraiki dute
Lazkaotik Ataun alderako biribilgunea ari da itxura hartzen. Herrigunerako hirugarren sarrera nagusia izango den bidegurutzea berrantolatzeko lanak iazko azaroan hasi zituen eraikitzaile enpresak. Lazkaoko erdirako sarbidea ez ezik, Zubierreka industrialderako sarrera-irteera ere aldatuko da biribilgune berriarekin. Izan ere, Agauntza errekaren gainean zubi berria eraiki dute, aste honetan. Kanpandegi baserriaren parean, lehengo zubi txikiaren alboan luzatu dute berria.
Astelehenean kokatu zituzten langileek zubiaren oinarria diren hormigoizko zazpi habe, garabi batekin banan-banan. Zubiaren taula asteartean jarri zuten. 25 metro luze eta 13 metro zabal izango da zubi berria. Ulmaren forja tailerraren aurrera aterako da.
Errotondaren lanak iazko azaroaren erdi aldean abiarazi zituen Goraiki eraikitzaileak. 1,3 milioi euroko aurrekontua du obrak. Zirkulazioaren korapilo izateaz gain, bizikletari eta oinezkoen bidegorria ere izango du multzoak; Senperekoaren antzera, biribilaren azpitik pasatuko da.
Lazkaoko Udalak «apiril inguruan» bukatzeko aurreikuspena du, aurreko astean etxeetara banatu zuen Lazkao udal informazio aldizkarian dioenez.
Iturgaitzagako biribilgunearen lanak, likidatuta
Zubierreka aldean errotonda egin ahal izateko, Kanpandegi baserria eraitsiko dute. Etxearen parean dagoen zubi txikia ere botatzekoak dira; uztailaren 2an itxi zuten zirkulazioarentzat. Inguru horretan Etxeaundi etxea ere bota zuten, 2010eko urrian.
Iturgaitzagako errotondaren azken obra-ziurtagiria eta diru kontuen likidazioa, berriz, urriaren 31ko udalbatzarrean onartu zuen Lazkaoko Udalbatzak, alderdi politiko guztiek aho batez.
Iturgaitzagako biribila eta inguruko bide gehigarriak eraikitzea guztira 1.515.000 euro kostatu da. Errotonda bera 1.125.805,34 euro kostatu da. Lanak 1.066.659 euroan eman ziren, baina BEZa %18tik 21era igotzeak kostua igotzea eragin du.
Bestetik, biribilgunetik Hiribarrenera bidea egitea 161.306 euro izan da; euri-uren eta ur zikinen saneamendua jartzea 184.962 euro; bihurgunetik Aldats etxerako bide berria irekitzea 23.709, eta lorazaintza nahiz erregadio sistemak jartzea 19.293 euro.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.399.000 euroko laguntza izendatu zuen. Iturgaitzagako hirigintza eremuari dagokio gainontzekoa ordaintzea, eta garatzen denean eremuari gehituko zaio 115.000 euro inguruko diferentzia.