Gereñu, Maiza, Eguren eta Intsausti gaur goizeko agerraldian.
Atez ateko hondakin sistema martxan jarri zutenetik lau hilabete pasa direnean, atzera begiratu eta bilketak ekarri dituen emaitzen berri eman dute gaur goizean Ordizian. Hain zuzen ere, azaroan herrian jaso diren hondakinen %78a sailkatuta jaso dela iragarri du Igor Egurenek. Juan Mari Gereñu, Izaro Intsausti eta Belen Maiza zinegotziekin batera egin du agerraldia Egurenek.
Uztailetik hona, hilabetez hilabete, ehuneko hori gorantza joan dela azaldu du alkateak. Irailean %74koa zen birziklatze tasa eta urrian, %76koa. Aurreko sistemarekin %36 birziklatzen zuten ordiziarrek; beraz, bikoiztu baino gehiago egin da sailkatutako hondakin kopurua.
Uztailaren erdi aldean jarri zuten atez ateko bilketa Ordizian, eta abuztuan opor garaia izanda, iraileko eta urriko datuak erabili dituzte iazko bi hilabete bereko datuekin alderatzeko. Horrela, 2012ko irailean eta urrian 191,5 tona errefusa jaso baziren, 2013ko epe berean 52 tona jaso dira; %72 gutxiago. Organikoaren bilketan, bestalde, gorakada nabarmena izan da: 2012an 22 tona jaso ziren hilabete horietan, aurten 84. Ontzi arinei dagokionez, 2012an 23,5 tona bildu ziren eta aurten, 21. Paperaren eta kartoiaren bilketa, berriz, 33 tonatik 37,5 tonara igo da.
Egurenek nabarmendu duenez, Sasieta Mankomunitateak dituen datuen arabera, eskualde osoan %10 jaitsi da zabor sorkuntza. Beherakada hori krisi egoeraren, kontsumo ohitura aldaketen eta birziklatzeko kontzientziazioaren ondorio dela esan du.
Sailkatu gabekoa ez da jasoko
Datorren astetik aurrera bilketan aldaketak izango direla ere aurreratu zuten udal ordezkariek. Orain arte egunero-egunero sailkatu gabeko hondakinekin ateratzen ziren poltsak ere jaso egiten zituten. Igandetik aurrera, ordea, jasotzeari utziko diote. Egunero tokatzen den gaia soilik bilduko dute; astean zehar sailkatu gabe ateratzen diren hondakinak, berriz, ostegunean jasoko dira, errefusaren egunean. “Lau hilabetetan sistemara egokitu ez diren horiek hemendik aurrera egokitzeko aukera izango dute”, esan du. Hala ere, argi utzi nahi izan du pixohialak lehen bezalaxe jasoko direla. Arazoak sortzen diren komunitateekin harremanetan jarriko dira. “Ibilbide bat egin beharko dugu, bizilagun horiekin harremanetan jarri eta irtenbidea bilatzeko”, esan du alkateak.
Bestalde, hondakin bilketaren jarraipena ere egingo dute aurreratu du. Alde batetik, barne mailako jarraipena egingo dute eta bestetik, herritarrekin.
Auzoz auzo dinamikaren baitan egin diren bilerak aprobetxatuko dituzte bizilagunekin hondakinen jarraipena nola egin erabakitzeko.