#txiotesirik originalena
Itxaro Perez biokimikari beasaindarrak (Beasain, 1981) heste lodiko minbiziaren inguruan tesia egin zuen 2011n, eta orain, bere tesia sei txiotan laburbildu duten 86 lagunen artean orijinalena bezala aukeratu dute Estitxu Garairekin batera (azken honena, #txiotesi ulergarriena bezala).
#txiotesia lehiaketa Udako Euskal Unibertsitateak aurten lehen aldiz antolatutako lehiaketa da, eta bertan 2011 eta 2013 bitartean egindako tesiak laburbildu behar ziren sei txiotan. Txio bakoitzean 140 karaktere idatz daitezke gehienez, eta hori ikusita, Perezek ipuin moduko zerbait egitea erabaki zuen. Azaroaren 19an egin zen lehiaketa eta 09:00etatik 21:00etarako epea zegoen sei txioak idazteko.
Tesia 2011. urtean egin zuen Perezek, heste lodiak minbiziaren bilakaeraren tarteko fasea aztertzeko aukera ematen zuelako.
«19 goizean, lankide batek parte hartzea proposatu zidan, baina, 150 orritako tesia sei txiotan laburbiltzea ia ezinezkoa iruditu zitzaidan. Goizean liatuta xamar ibili nintzen, baina, arratsaldean lankide bekadun batzuei proposatu eta halaxe egin genuen», dio Perezek. «Txiotan laburbildu behar genuenez, txita bati bere amak azalduko balio bezala kontatzea okurritu zitzaidan, eta halaxe egin genuen».
Egin, eta baita txiotesirik originalenaren saria lortu ere. «Eznuen batere espero irabaztea, eta ilusio handia egin zidan sariak» dio beasaindarrak. Txiotesia lehiaketako sariak azaroaren 25ean jaso zituzten Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean Perezek eta Garaik. Perezek lortu zituen 300 euroak txiotesia egiten lagun izan zituen lankideekin banatu zituen.
Sariak banatu zituzten egun hura pozez gogoratzen du Perezek: «Twitter bidez euren ezizenez jarraitzen dudan jendea aurrez-aurre ezagutzeko aukera izan nuen eta normalean erdi-ezkutuan gelditzen garen ikerlariez Twiterren hitz egiteak poz handia eman zidan».
Itxaro Perezek egindako txiotesia, sei esalditan:
1.- Ama,irakurriko ipuin hau?-Bai maitia:peptidasen aktibitatearen aldaketak heste lodiko minbizietan2011.-Eta zer dira peptidasak?#txiotesia
2.- Gorputzean ugariak diren entzimak.-Eta zergatik ikertu heste lodiko minbizian? -Gizartean oso ohikoa eta eredu aproposa delako. #txiotesia
3.- Nola ikertzen da hori?-Peptidasen aktibitatea neurtuz kasu hauetan:odolean eta ehun osasuntsu-adenoma-minbizi sekuentzian.#txiotesia
4.- Eta emaitzak,amatxo?-Aldaketak daude lagin osasuntsu eta kaltetutakoak konparatzean eta selektiboak dira peptidasaren arabera.#txiotesia
5.- Eta hau dena zertarako?-Minbizia ahalik eta azkarren detektatzeko eta pronostikoan laguntzeko, minbiziari aurre egiteko.#txiotesia
6.- Alaa!! Zeinen ondo! Ama, handitan ikerlari izango naiz.-Ziur?Ikusiko dugu handitzean…Eta hala bazan…
Azken txio horren amaieran, testu horren goikaldean dagoen argazki hau jarri zuen Perezek. Bertan, bere #txiotesia dago laburbilduta, marrazki bidez.