Santa Lutzi eguna dute gaur Zumarragan, eta ohitura denez, urteko azokarik garrantzitsuena egingo dute herriko kaleetan. Goizetik hasita, ganadu feria, nekazari eta artisauen postuak, taloak eta sagardoa, eta kaleko giro aparta izango dira. Azoka girotzeko, trikiti doinuz osatutako jaialdia egin zuten atzo, Zelai Arizti aretoan. Gotzon Aranburuk egin du bideoa.
Santa Lutzi feria ikusteko ordu onenak goizekoak dira, goizean goiz ez baitabil jende asko oraindik ere. Hala ere, antolatzaileek aurreikusten duten bezala, eguerdi partean Urretxuko eta Zumarragako kaleak bete egingo dituzte bertakoek zein bisitariek. Edozein modutan, goiztiarrek ikusiko zuten jada Zumarragako Urdaneta hiribidean dauden abelburuak. Goizeko bederatzietan abeltzainak iristen ari ziren oraindik ere. Zumarragan jarraituta, Elizkaleko eta Piedad kaleetako postu berriak eta trintxerako artisauen eskulanak ikus daitezke.