«Postuak harritu egin ninduen»
«Gozatu egin dut gaur, benetan; sekula ez dut gozatu horrelako finalik, hasi eta buka», azaldu zuen Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale elkarteko lehendakariak txapelketa amaitu berritan, igande iluntzean. 13.500 bertsozalek jarraitu zuten saioa BECen, 335.000k ikusi zuten telebistaz eta irratiz zein beste bide batzuen bitartez, kontaezin jarraitzailek. Amets Arzallusek jantzi zuen txapel preziatua, eta Aitor Sarriegi beasaindarrak bosgarren postua lortu zuen, «oso saio txukuna» eginda.
Nola sentitu zinen igandean?
Oraindik lurreratzeko goiz xamar bada ere, dena nahi nuen bezala ateratzea zaila da, eta finaleko saioan hobeto egiteko tartea utzi nuela uste dut. Normalean ondo egiten ditudanak hobeto egin ahal nitzakeela iruditzen zait, eta alderantziz.
Inoizko txapelketako finalik onena izan da zaletu askorentzat. Zuk zer irudipen duzu?
Desberdin entzuten da goitik… Gustatu zitzaidan, baina, inoizko onena izan zela esatea, asko esatea dela iruditzen zait.
Igor Elortzak gerora aipatu du, igandean 10:00etan jada sentitu zuela saio biribila izango zela. Zuk halakorik sentitu al zenuen?
Ba, egia esan bai. Goizean denok juntatu ginenean ez zegoen hainbeste tentsiorik, sentsazio ona zegoen airean. Ez zegoen nerbiosismo aire tonto hori.
Nola joan zen eguna?
Goizeko saioa motzagoa izan zen eta aurreko finalekoa baino beteagoa izan zela iruditu zitzaidan. Goizeko saioak arratsaldekoak baino gehiago markatu zuela iruditu zitzaidan.
Nola ikusi zenituen gainerako zazpi bertsolariak?
Denen ahotan ibili da Mendiluzek egin zuen saioa, eta finalera eraman zuen arantza erabat kendu zuela iruditu zitzaidan: puntukakoan, bakarka, ofiziotan, nerabeen argazkien harira… oso ondo ikusi nuen.
Elortzak eta Iturriagak pixka bat despistatu ninduten. Colinak txapelketa oso ona egin duela iruditu zait, baina, igandean ez zuen borobiltzerik lortu; ez nuen gustura antzeman. Gaztelumendi oso-oso ondo aritu zen, eta Lujanbioren saioa behetik gora joan zela iruditu zitzaidan, arratsaldean alerik onenak emanaz. Arzallus, berriz, goizean ibili zen kategorian.
Zer da BECeko finala zuretzat?
Presio eltze handi bat. Lau urtez behin egiten da, eta eskerrak. Arnasaldi bat ere bada: bertsolarientzat, elkartearentzat eta euskararentzat. Hala ere, hankak lurrean izatea komeni dela iruditzen zait, hanzkunde hori kulturan ez dela biderik logikoena; hemendik zortzi urtera, agian, txikiago izan badaiteke ere, orain osasuntsu dagoena.
Moda bat?
Parte batean bai. Olatuak ikusteko lekurik onenean geunden gu, ederra da, baina, pauso bat atzera egin eta futbol partida bat ez dela pentsatzen dut. Hala ere, orain lau urtekoa nabarmenagoa izan zela uste dut; ordukoak zirkuagoa zirudien: kantari, bullizioa… aurten baino gehiago.
Aurkezleek errepikatu zituzten oharrak, eserlekuetatik ahalik eta gutxien mugitzekoak batez ere, ez ziren gehiegi errespetatu. Asko molestatzen al dute halako hotsek?
Ni ez ninduten gehiegi molestatu. Jende asko dago eta %1a bakarrik mugituta ere, jende asko da. Bertsotik-bertsora mugitzen zirenek ez zuten hainbeste molestatzen. Behean zaudenean jendea errespetua galduta gehiago ikusten da, kontutan eta…
Gaiak zer iruditu zitzaizkizun?
Gordin xamarrak iruditu zitzaizkidan. Lan handia egiten dute gaiak prestatzen, eta gu ere ez gara erraz konformatzekoak, baina inpresio horrekin gelditu nintzen. Seme desagertuarena, ihesarena, kartzelara bisitan haurrarekin doanarena… Gordin xamarrak, bai.
Kataluniako erreferendumaren gaia, esate baterako, ez zuen inork aipatu.
Ez. Espero nuen nik ere, eta harritu ninduen. Agian gai askeagoetan guk sartzea esperoko zuten, baina, ez zen halakorik gertatu.
Zuk botatako bertso bat aukeratzekotan, zein aukeratuko zenuke?
Teknikoki ez nintzen oso gustura gelditu egindakoarekin. Goizean puntuen erantzunekin gustura gelditu nintzen, eta arratsaldean, bakarkako lehenengoarekin: alabarekin kartzelara ama bisitatzera doan aitarena: kilometrotan gutxi, baina, denboran gehiegi falta zela esaten zuen hura.
Bukaerako agurrean aitejauna eta amandrea izan zenituen gogoan.
Bai. Nostalgiara jotzen dugu askotan eta horixe etorri zitzaidan burura. Amandreetako batek ezagutu ninduen bertsotan, baina, gainerako hirurek ez. Arratsaldeetan egiten genituen karta-jokoak eta bertsoak abesten nola aritzen ginen akordatu nintzen, eta huraxe kantatzeko gogoa sentitu nuen.
Bosgarren sailkatu zinela entzun zenuenean, harritu egin zinen.
Bai, hala da, postuak harritu egin ninduen, atzerago ikusten bainuen neure burua. Hala ere, hortik aurrerakoen artean, puntu alde txikia zegoen, eta oso gustura nago.
Ospatu al zenuen?
Bai… Beasaina itzuli eta afaria pronto genuen gainera, eta ondo ospatu genuen, afarian, eta afalondoan ere bai. Pixka bat luzatu zen baina…
Unai Iturriagak azken txapelketa zuela iragarri zuen igandean. Zuk zein asmo duzu aurrerantzean?
Hemezortzi urte daramatzat jada txapelketan kantatzen eta, egia esan, nekatu egiten du honek. Aurten, gainera, oso estu sartu naiz finalean. Ez dakit hemendik lau urtera nola egongo naizen, eta orduan erabakiko dut.