Itsasondon bidegorri lotura eraikitzeko prozedura hasi dute, proiektua berrikusita
Ordizia eta Itsasondo artean bidegorria eraikitzeko proiektuari ekin dio berriz ere Gipuzkoako Foru Aldundiak. Jatorrizko proiektua berrikusi egin dute, Itsasondoko Udalak azaldutako zehaztapen batzuk aintzat hartzeko. Tramitazioa hasi du orain, proiektu berria jendaurrean ikusgai jarrita.
Oinezkoetan eta bizikletarien bideari lotura ematea da proiektuaren egitekoa, Ordizia aldetik Itsasondoko herrigunera bitartean falta baita. Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren barruan egingo dute, Donostia-Beasain adarrean.
Ordizia aldetik Itsasondoko herrigunera bitartean, 1,2 kilometro luzeko bidegorria eraikiko dute. Lau metro zabal izango da, eta oinezkoentzat eta txirrindularientzat lerroak banatuta edukiko ditu bidegorriak.
Jatorrizko proiektua 2011ko otsailaren 8an onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak. Hala eta guztiz, Itsasondoko Udalak gehitu dituen «premietara» egokitzeko, berrikusi egin dute oraintsu.
Errepide ertz batetik bestera
Aldaketa nagusia bidegorriaren kokapenarena da. Lehen Gi-2131 errepidearen (Ordizia-Alegia) eskuin ertzean eraikitzea bazen asmoa, orain ezkerrera pasatu dute, Itsasondoko kaskoraino. Han, errepidea gurutzatu, eta bidearen eskuin aldetik jarraituko luke, harik eta Legorreta aldera eginda dagoen bidegorriarekin lotu arte.
Proiektu berria gauzatzeko epea zazpi hilabete eta erdikoa da. Obraren oinarrizko aurrekontu osoa 2.443.392,5 eurokoa da (%21eko BEZari dagozkion 424.153 euroak barne).
Aldundiaren Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak bidegorri zatia eraikitzea ontzat eman du, eta lizitazio tramitazioa ere hasi du. Jendaurreko erakusketa garaian dago proiektua orain.
Ordizia aldetik Itsasondoko herrigunera arteko bidegorria eraikitzeko denera 3.801 metro koadro lur desjabetuko ditu aldundiak, 14 jaberenak. Lur sail gehienak, ordea, jabetza publikokoak dira, 3.156 metro koadro: Udalarenak 2.330 eta aldundiarenak 826 metro koadro.
Bidegorriaren lanak baliatuz, beste obra batzuk ere burutuko dituzte, aldi berean. Ibiur eta Amundarain ibaien arroen artean ura garraiatzeko hoditeria sartuko dute, bidearen azpitik. Gi-4761 bidearen trazatua (San Joango bidea) ere zuzenduko dute.