Emakume batek jasandako erasoa salatzeko, kontzentrazioa deitu dute Idiazabalen
Idiazabalgo tabernari bati eraso egin zioten urteko lehen egunean eta herritarrek kontzentrazioa deitu dute biharko, gertaera hau salatzeko.
Erasoa urtarrilaren 1eko iluntzean izan zen, herriko taberna batean. Kontzentrazioa antolatu duten herritarrek esandakoaren arabera, bi gizonezko elkarrekin sesioan hasi ziren. Tabernako langilea den I.U.I. emakumezkoak tabernatik ateratzeko eskatu zien, bertan liskarrik ez delako onartzen.
Kasurik egiten ez ziotela eta liskarra areagotzen ari zela ikusita, ertzainei deituko ziela esan zien borrokan ari ziren bi bezeroei. Orduan, gizonezkoetako batek tabernaria ileetatik hartu zuen eta lurrera bota zuen.
Ondoren, lurrean zela, ostikoak eman zizkion emakumezkoari. Tabernan zegoen beste herritar bat izan zen erasotzailea bertatik ateratzea lortu zuena, baina horretarako indarra erabili behar izan zuen.
Idiazabaldarrek kontzentrazioa deitu dute gertaera hau salatzeko eta erasotuari elkartasuna adierazteko. Elkarretaratzea bihar egingo dute, 19:00etan, Idiazabalgo plazan. Lema honakoa izango da: Inoren aurkako erasorik ez. Emakumeen aurkako erasorik ez.