Azaroaren bukaeran hasi zituzten Zumarragako Eitzaga auzoan, San Gregorio parkean egin beharreko eraikuntza lanak. Urretxuko Mendiola eraikuntza enpresak du lanen ardura, eta 414.000 euroko aurrekontua dute. Parke horretan azken 30 urteetan inolako hirigintza lanik egin gabe zegoen udala, eta berritu baten beharrean zegoen. Besteak beste, arrapalen zabalera doitu, zoladura aldatu, hiri-altzariak berritu, ur hoditerien banaketa egin –euri urak eta ur beltzak bereiziko dituzte–, kontsumo baxuko led argiteria jarri eta eskaileretan hobekuntzak egingo dituzte.
Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeak udaberrira bitartean egingo dituen tailerren eskaintza aurkeztu du. Oraingoan, zeramika eta sukaldaritza ikastaroei adimen emozionalari buruzko tailerra gehitu diote, eta hori da hain zuzen eskaintzak dakarren berritasunik nabarmenena. Adimen emozionalaren lanketa familiaren esparruan kokatuko du Maite Prada adituak. Ikastaroaren helburua emozioak identifikatzen erakustea da, Pradaren hitzetan «urteak eman ditut abegi-etxeetan lanean eta haietara iristen diren gaztetxoen artean arazo ugari ikusi ditut. Nire ustez, berebiziko garrantzia dauka seme-alabak baloreetan oinarritutako heziketa eskaintzea».