Epeletik hasi da urte berriko lehen feria
Urtarrilaren 8a zela sinesten lanak ziren atzokoan, goizeko bederatzietan 17 gradu markatzen baitziten udaletxe aurreko termometroak. Erosketak aire librean egiteko giro egokia, bertan egon behar duten saltzaileentzat zer esanik ez, gerokoak gero.
Atzokoak produktu aldetik ezer berririk eskaini ez bazuen ere, azken kronika idatzi genuenetik udaberriko lehen zizak ikusi genituela aipa genezake, 100 gramo pisatzen zuten 6 ziza izan dira garai honetako lehenak; abenduaren 24an ikusi genituen Lasaren postuan, Aierbe ataundarrak ekarriak, kiloa 160 euroan. Atzokoan, mikologia arloa mendiko angula gutxi batzutara mugatu zen 12 kilo (20 €/Kg.).
Frutei dagokionez, Idiazabalgo Kalbarioko sagar eta udarerik ez da izango uda arte, Amaia Alkortak esan digunez: «Gaurkoa dut azkena, uztaila bukaera aldera arte». Udaberri busti haren ondotik, hala ere, sagar eta udare urte polita joan dela zioen; «red star motako sagarra gutxiena eta errezil sagarra ere gutxi antzean, gainerakoan ondo». Eta kontatzen hasita, bitxikeri bat ere aipatu digu: «gure etxean aran gorria loretan da, San Blasetako izan ohi da baina aurten eguberritan loretu da. Izotzak galduta ere, gero berriz loratzen dela eskerrak, bestela kitto!».
Zuhaitz landareen salmenta
Urte berriarekin batera hasi da zuhaitz landareen salmenta, eta urteroko moduan, Juan Amezketa kalean elkartu dira Albizturgo Bittor Lasa, Ataungo Justo Dorronsoro, Zegamako Felix eta Juan Arakama eta Zaldibarko Junkal Areitioaurtena. Eskaintza eta jakintza zabala dute. Ondorioz, erostera ez ezik, aholku eske ere jende dezente gerturatu ohi zaie eta baita behar bezalako arreta eskaini ere.
Prezioei eta eskaintzari buruz iazkoarekiko aldaketarik ez; hala ere, aspaldiko partez mezu baikorrik entzun diogu Albizturgo Bittori: «hemengo basotako egurrekin hasi da jendea lanean berriz ere eta zer edo zer mugitzen hasi da». Duela bost urte Frantziako Landetan ekaitz bortitz batek bota zituen zuhaitz ugari eta azken urteetan hemengo zur merkatua ito dute. Aste honetan hasi eta apirila artean, tren geltokitik gora doan aldapan izango dira zuhaitz landareekin batera, baso kontuetan arituak eta adituak.