Lazkaoko herriak urteroko omenaldia egingo dio, igandean, astoari. Astotxo eguneko ospakizunen barruan —1652an du jatorria—, enkarterri arrazako astoen Gipuzkoakoa IV. Kalifikazio Ofiziala eta XV. Lehiaketa egingo dituzte. Kalikaziorako, euskal arraza autoktonoaren ezaugarriak egoki betetzen dituzten astoei ziurtagiria emango diete albaitariek, 11:00etan hasita. Ondoren, 12:00etan, Gipuzkoako lehiaketan asto ar eta eme onenak aukeratuko dituzte, enkarterri arrazakoak horiek ere. Erakusketa ere izango da. 80-100 asto buru jarriko dituzte Lazkaoko plazan, goizean.

Enkarterri asto bat, iazko Astotxo eguneko lehiaketan./Aimar Maiz
Ospakizunen bigarren zatia
Egiptorako ihesa kale antzezpena izango da, 13:00etan. 27. aldiz egingo dute, 200 bat lazkaotarrek. Aurretik, hirugarren aldiz
Astotxo Txikia izango da, haurrentzat prestatutako desfile berezia. Lazkao Txiki Zelaian eta eliza aurrean garatuko dute antzerkia, urteroko egiturarekin: Jesus haurraren jaiotza, Herodesen jazarpena eta asto gainean Egiptora egindako bidaia.
Bien bitartean, moja zistertarren komentuko elizan festaren jatorria diren irudiak kokatuko dituzte. Obleak edo ostriak ere salduko dituzte, egunaren beste bereizgarriak.

‘Egiptorako ihesa’ antzezpena, iaz./Aimar Maiz
Egitaraua:
- 10:00. Asto diana, herrian barrena.
- 11:00. Meza Zistertarren komentuko elizan, Lazkao abesbatzak lagunduta.
- 11:00. Enkarterri astoen Gipuzkoako IV. Kalifikazio ofiziala, pazan.
- 12:00. Enkarterri astoen Gipuzkoako XV. lehiaketa.
- 13:00. ‘Egiptorako ihesa’ kale antzezpena.