Ohiko mantenu lanak egin dituzte Bikuña kiroldegian
Legazpiko Bikuña kiroldegia itxita egon da Eguberrietako oporretan ohiko mantenu lanak egiteko. Itxita egon den bitartean igerilekua hustu dute, garbiketa orokorra eta margotze lanak egin dituzte eta legionelaren aurkako protokoloa bete dute, besteak beste. Aste honetan dagoeneko, ohiko ordutegiari eta martxari heldu dio kiroldegiko jardunak.
Juan Luis Madina kiroldegiko mantenu arduradunak azaldu duenez, «osasun sailak urtean behin desinfekzio lanak egitera» behartzen ditu. Besteak beste, «dutxetako ura 75 gradutan jarri dugu, bost minutuz gutxienez». Modu horretan «egon daitezkeen zomorroak desagerrarazteko». Talka tekniko izena ematen zaio tenperatura erabiliz egiten diren desinfekzio modu hauei.
Igerilekua husteko egun bat Egindako beste lanen artean igerilekua ere hustu dute. Urtean zehar «astean bitan ur garbia sartzen joaten da, berritzeko, baina igerilekua erabat hustu, urtean behin baino ez da egiten». Egun oso bat behar izaten da huste lanak egiteko «600.000 ur litro aldatu behar direlako». Egun bat baino gehiago berriz betetzeko eta beste hiru bat egun ura 28 gradutan jartzeko.
Igerilekura airea bideratzen duten «haize iragazki guztiak ere aldatu eta berriak jarri» dituzte. Lan guzti hauek egiteko beharrezkoa da kiroldegia publikoarentzako itxita egotea «bestela egin ezin diren lanak baitira». Aipatutakoez gain, konponketa eta margotzeko lan txikiak ere egin dituzte egun hauetan.
Kiroldegiko eskaintzari dagokionez, ikasturte berriko ikastaro berdinak mantendu dituzte. Prezioak, hori bai, %1,7ko igoera izan dute ikastaro zein bonoetan.