Fundimolde enpresako kaleratzeak salatu dituzte, protesta eginez
Beasaingo Salbatore auzoan dagoen Fundimolde enpresak urrian eta abenduaren 20an jakinarazi zituen kaleratzeen harira, dozenaka lagun bildu dira gaur goizean, enpresaren ate aurrean. CCOOeko metalgintzako hainbat ordezkarik babestu dute protesta, zenbait langile kaleraturekin batera. Protestan zeuden langile kaleratuek azaldu dutenez "urrian lau lagun kaleratu zituzten eta abenduaren 20ean beste hiru. Ez digute gainera hamabost egun lehenago abisatu, sorpresaz jakin genuen albistea". Une honetan, aurrez 14 langile zituen enpresa honetan zazpi lagun bakarri ari dira lanean.
CCOOeko Goierri mailako ordezkariak azaldu duenez “kaleratzeak rekurritu egingo dituzte langileek, nahiz eta kaleratutako hiru lagun ez diren protestara batu”. Maria Jesus Sanchez Fundimolde enpresako CCOOko ordezkariaren hitzetan “aurrez ere oso egoera kaxkarrean zegoen lantegia: lan baldintzak ez ziren betetzen eta osasun aldetik ere ez”.
Gaur goizeko protestan azaldu dutenez “2008an gerentez aldatu zuen enpresak eta ordutik hasi zen enpresa okerrerantz”. Tartean “bederatzi hilabete kobratu gabe egon diren langileak ere badaude” azaldu dute, “eta hala ere horiek dira kaleratu dituztenak: enpresagatik gehien egin dutenak”.
Langile kaleratuek ” enpresa saldu nahi dutela” uste dute, eta horretarako, “erosleek langileak kaleratzea eskatzen dutela susmatzen dugu”. “Badakigu jada enpresa erosteko prest badagoela jendea”, diote.
Egoera aldatu ezean, protestan jarraitzeko asmoa azaldu dute gaur goizean elkartu direnek. Protestan pankartak, bozgorailuak eta petardoak erabili dituzte, eta enpresako atea kolpatu dute barruan zeudenek protesta entzun zezaten.













