Lazkaoko Astotxo Egunean ohore egin diote astoari
Astoa izan zen ardatz atzo Lazkaon. Astotxo Eguneko festaren barruan, batetik Gipuzkoako enkarterri astoen lehiaketa eta kalifikazioa egin ziren, plazan. Erakusketara 70 buru ekarri zituzten ganaduzaleek. Enkarterri astoaren Gipuzkoako IV. Kalifikazioan, zazpi astok lortu zuten ziurtagiri ofiziala. Ondoren, haiek eta betse 36k (guztira 43) Gipuzkoako XV. Lehiaketa jokatu zuten, enkarterri arrazakoentzat soilik. Ar onena Amasako (Gipuzkoa) Gema Arratibelek ekarritako ‘Urtain’ izan da, eta eme onena Elgoibarko (Gipuzkoa) Txomin Arriolaren ‘Leonor’.
Lehiaketa bukatu orduko, Egiptorako ihesa kale antzezpena egin zuten lazkaotarrek, 27. aldiz. Ordu erdi inguruko antzerkian, Jesus haurraren eta familiaren ihesa irudikatu zuten, Herodesen jazarpenetik. Ohi bezala, eszenografia zaindua muntatu zuten Lazkao Txiki Zelaian eta eliza aurrean.