
Iazko tituluari eutsi naian ekin dio Ampo Ordiziak Errege Kopari. Atletico Madril izan du lehen aurkari, eta garaipena poltsikoratuta itzuli dira Espainiatik Ordiziako jokalariak. Partida galtzen hasi arren, 13 eta 18ko emaitzarekin Errege Kopan jarraitzea lortu du Ampo-Ordiziak.
Ordizia Rugby Elkartetik jakinarazi dutenez, madrildarrak ziren partida irabazteko faboritoak, baina goierritarrak gogotsu atera ziren zelaira herenegun; partidaren bigarren zatian markagailua iraultzea lortu zuten, eta final erdietan jokatzeko sailkatu ziren.
Baloiaren jabeza madrildarrena izan zen partidaren lehen zatian. Partida hasi eta hamar minutura hiru eta hutsekoa iritsi zen, Balbinek egindako zigor kolpe bati esker. Madrildarren beste jokaldi batean iritsi zen 10 eta hutsekoa, eta hala amaitu zen lehen zatia.
Bigarren denboraren hasieran, baina, aurkarienganako alde txikia gogoan, partida irabaztera atera ziren zelaira Ampo-Ordiziako jokalariak; eta baita lortu ere. Steylek egindako zigor kolpe bati esker 10-3 gerturatu ziren ordiziarrak; madrildarrek ez zuten etsi nahi eta markagailua mantendu asmoz, best zigor kolpe bat egin zuten (13-3); ordutik aurrera, ordea, eta ordiziarrak 18ra iritsi arte, ez zuten atsedenik hartu Ampo Ordiziako jokalariek.
Jarraitzaileak Madrilen
Estu igaro zen bigarren zatiaren azken tartea. Minutuak aurrera joan ahala, madrildarrak makaltzen hasi ziren eta goierritarrak gero eta indartsuago zeuden. Irabaztea bakarrik zuten buruan, egungo txapeldun tituluari eutsi ahal izateko, eta partidaren azken bi minutuetan urduritasuna nagusitu bazen ere, zoramena izan zen nagusi zelaian eta harmailetan epaileak partida amaitutzat eman zuenean.
Beste behin ere, Ampo Ordiziako jarraitzaile ugari izan dira asteburuan lehen taldeari animoak ematen, eta Ordizia Rugby Elkartetik eskerrak eman dizkiete denei.
Joanekoa igande eguerdian
Errege Kopan aurrera egiteko lehen pausoa eginda, VRAC Quesos Entrepinares taldea hartuko du etxan Ampo Ordiziak. Errege Koparen final erdietako joaneko partida igande eguerdian, 12:00etan, jokatuko dute, Altamira zelaian.
Final laurdenetan egin ez bezala, final erdietan ez da partida bakarrean erabakiko zein taldek joko duen aurrera. Talde bakoitzak joaneko eta itzuliko partida jokatu beharko ditu, eta hala, Ordizian jokatuko duten partidaren ondoren, Valladoliden (Espainia) ere jokatu beharko du Ampo Ordiziak VRAC Quesos Entrepinaresen aurka. Errugbi elkartetik jakinarazi dutenez, martxoko lehen asteburuan jokatuko dute VRAC-k eta Ampo Ordiziak itzuliko partida Pepe Rojo zelaian.
Partida polita iragarri dute igande honetarako, aurreko edizioko txapeldunaren eta txapeldun ordearen aurkakoa izango dena.
Bigarren taldea ere ondo
Ampo Ordiziaren bigarren taldeak ere garaipena lortu dute asteburuan. 24-18 irabazi diote Baztani, eta aurreko asteburuan Hernaniren aurkako erorialdiaren ondoren pozik daude bigarren taldeko mutilak. OREk adierazi bezala, «benetako taldea» da, «serioa, beteranoek eta gazteek osatutakoa, eta ezin dira aipatu gabe utzi gazteren batek eskuak eta taldeari ziurtasuna ematen dien aurrelari batzuen kemena».