![IMG_0414](http://goierri.hitza.eus/site/files/2014/01/IMG_0414.jpg)
Beasaingo udalak hiru hitzarmenez osatutako akordioa sinatu du gaur arratsaldean Gurutze Gorriarekin, Eraginez elkartearekin eta Andramendi Ikastolarekin. “Istori luzea duen gaia da; bilera eta lan askoren ondoren lorturiko akordioak dira” azaldu du Koldo Agirre alkateak, 2012 urtean hasi zen prozesuaren inguruan. Urte hartan Andramendi Ikastolak bere hazkunderako behar zituen espazio eta beharren berri eman eta Urbialde plazako lokalak erabiltzeko eskaera egin zion udalari. “Bide horretatik Gurutze Gorriarekin harremanetan jarri ginen” azaldu du Agirrek eta ondoren Gurutze Gorriak “zituen beharrak ere azaldu zituzten”, eta “bien beharrak kontuan izanez, aztertu diren hitzarmenak izan dira”.
Sinatutako hitzarmenen artean onartu zen, batetik, Gurutze Gorriako kideak Igartza Oleta kaleko 10. zenbakira pasako direla (orain arte haurtzaindegiko gunea zegoen lokalera). Hamar urteko hitzarmena da sinatu dutena eta luzatzeko aukera ematen da, hala nahi izanez gero.
Horrez gain, hitzarmen honen barruan, orain arte Gurutze Gorriak udalari ematen zizkion zerbitzu guztiak ere hitzartu egin dituzte hitzarmen horren barruan. Orain arte ere ematen zituen zerbitzu horiek, baina, hitzarmenik gabe ematen zituen, eta orain hitzarmenean ere jaso dituzte.
Andramendi Ikastolari dagokionean, Gurutze Gorriak orain arte erabiltzen zituen lokalak erabiltzeko eskubidea izango du datozen bost urteetan, luzatzeko aukerararekin. Eraginez elkarteari dagokionean, berriz, udalak erabili ahal izango ditu Eraginezek zituen lokalak datozen bost urteetan. “Geroz eta eskaera handiagoa dago udalean talde eta eragile ezberdinen aldteik eta eskaera horiei erantzuten hasteko erabiliko ditugu lokal horiek” azaldu du Herradorrek. Honi lotuta, Urbialde plazako lokaletan Alkoholiko Anonimoek zuten lokala ere lekuz aldatuko dute. Oriamendi kalean Odol-emaileek duten egoitzan libre dagoen beheko solairura pasako dira. Herradorrek eskerrak eman nahi izan dizkie hauei ere “prozesu honetan azaldu duten jarregagatik eta borondate onagatik”.