Gabiriako Udalak argiteria sistema berritzaile bat jarri du herrigunean
Gabiriako Udalak argiteria sistema berritzaile bat instalatu du herrigunean, eta %80 gutxiago kontsumitzea espero dute. Aurten, Alegi eta Aztiri auzoetan jarriko dute sistema berri hori. Gabiriarrek Tecnaliaren eskutik sortutako Luix enpresarekin lan egin dute. Duela lau urte proba pilotu bat egin zuten eta, emaitzekin gustura gelditu zirenez, sistema berria herri guztira zabaltzea erabaki zuten.
Sistema horrek Led teknologia eta telekudeaketa erabiltzen ditu. Hala, energia gutxi kontsumitzen du eta ordenadore bidez farola bakoitzaren egoera zein den ikusteko eta intentsitatea igotzeko edo jaisteko aukera ematen du. Gainera, farolaren ondoan inor ez dagoenean, intentsitatea %30era jaisten da. Norbait hurbildu bezain pronto, %100era igotzen da.
Ibon Elgarresta alkatea gustura ageri da. «Kontsumo aldetik eraginkorrak izango gara, diru gutxiago gastatuko dugu eta gutxiago kutsatuko dugu. Energia kontsumoaz gain, kutsadura luminikoa ere kontuan izan behar da. Lehen argiaren erdia baino gehiago zerura botatzen genuen. Orain, behar den tokia argitzen dugu. Lehen autobidetik herria laranja kolorekoa ikusten zen eta egun argi puntutxo batzuk besterik ez dira ikusten».
Inbertsioa handia izan da, legealdi honetako garrantzitsuena: 80.000 euro. Gabiriarrek Energiaren Euskal Erakundearen eta Erein programaren diru-laguntzak jaso dituzte. Udalak diruaren %25 bakarrik jarri behar izan du eta, gainera, dirua urte gutxi barru berreskuratzea espero du.
Sistema berriak beste abantaila batzuk ere baditu: herrian Wi-fi konexioa zabaltzeko balio du eta farola ia guztietan bozgorailuak eta mikrofonoak konektatu daitezke. Baita bideo kamerak ere. Hala, Udalak plazan webcam bat jartzeko asmoa du.
Luix enpresako Felix Ezkurrak gabiriarrek inbertsio ona egin dutela aipatu du. «Helburua %82 gutxiago kontsumitzea da: 12.000 euro gutxiago inguru urtean. Gabiriak 53 megawatt kontsumitzen zuen eta orain 11 kontsumituko ditu. Espainia da argi gehien kontsumitzen duena: 120 kilowatt biztanleko urtean. Gabiriak 132 kontsumitzen zituen. Aurrerantzean 24 kontsumituko ditu, Alemaniaren erdia».
Gainera, bonbilla berriek gehiago irauten dute. «Lehengoek hiru urte irauten zuten eta hauek hamar urte baino gehiago iraungo dute».
Ezkurrak eskerrak eman nahi dizkie gabiriarrei. «Gure lehen herria Gabiria izan zen. Sistema berria martxan jartzeko boluntario bat behar genuen eta gabiriarrak prest azaldu ziren».
Gabiria, aitzindari
Toki askotatik deitu dute Gabiriara euren argiteriarekin gustura dauden jakiteko. Luix enpresa dagoeneko beste Udal batzuekin eta hainbat enpresekin lan egiten ari da. «Duela hiru urte Espainia mailako topaketa batean parte hartu genuen. Gabirian egindako lana aurkeztu genuen eta Philips enpresak bere ponentzia aldatu zuen, eurak ere antzeko zer edo zer lantzen ari direla esan ahal izateko».
Alkateak enpresaren lan ona azpimarratu nahi du. «Bertan sortutako teknologia da eta enpresa bertakoa izatea oso garrantzitsua da mantenu lanetarako».