Laubideko hiri antolamenduaz arituko dira bihar
Laubide auzoko hiri antolamendua hobetzeko bilera egingo dute bihar arratsaldean Legazpiko Tokiko Agenda 21aren baitan. Domingo Agirrek Arantzazun duen haurreskolan egin dute hitzordua arratsaldean, 18:30etik aurrera. Auzo honetako zenbaki bakoitien ingurunea hobetzeko proposamenak jasotzea izango da bileraren helburu nagusia.
Bileraren gaiaren garrantzia aintzat hartuta, udaleko Garapen Iraunkorreko sailak interesa duten herritar guztiei bertaratzeko deia luzatu die. Euren ekarpenak eta iradokizunak aintzat hartuko direla aurreratuz. Jakinarazi dutenez, biharko bilerak jarraipena izango du otsailaren 27an toki eta ordu berean egingo den bigarren bilera batean.
Sozialistak deialdiarekin bat
Bihar hiri mugikortasunaren eta irisgarritasunaren ikuspegitik gune horretan hobetu beharrekoa aztertuko dute. Gainera, lehen diagnosi tekniko baten berri ere jasoko dute bertan. Otsailaren 27ko bileran, aldiz, lehenengo bileran egindako ekarpenen arabera, gune hori hobetzeko proposamen tekniko guztiak ezagutu eta horien inguruan eztabaidatzeko aukera izango dute bertaratzen diren bizilagunek.
Udalak egindako deialdiarekin bat etorri da Legazpiko PSE-EE alderdia. 2012tik «alderdi sozialistak udal gobernuari behin eta berriz egin dion eskaera» dela azpimarratu du, Laubiden «mugikortasun eta irisgarritasun arazoak» antzeman dituztelako. «Hegialdeko biribilgunetik Maiatza tabernara arteko» zatia da sozialisten ustez berrikuntza gehien behar dituen auzoko gunea.