Abenduan Ordizian jasotako hondakinen %78 birziklatzeko guneetara bideratu dute
Ordiziako Udalak herritarrak zoriondu nahi izan ditu “erakusten ari diren jarrera arduratsuagatik eta herri iraunkorrago baten alde egiten ari diren ahaleginarengatik”. Abenduko datuak eskuan, gaika biltzen den hondakinen ehunekoa goraka doala iragarri du Udalak.
Urriko eta azaroko joerari eutsiz, abenduan ere hondakinen %78 gaika bildu da Ordizian. Abenduan 224.021 kilo hondakin bildu zituen Sasieta Mankomunitateak; horietatik 175.003 kilo (%78) birziklatzeko guneetara bideratu ditu eta 49.018 kilo (%22) zabortegira.
Ordiziako udala jakitun da oraindik badirela sistema berrira egokitu ez diren bizilagunak eta “egoera hori bideratzeko saiakera” egiten ari direla azaldu dute. Datuek erakusten dutenez, abenduan jaso zen errefusaren erdia baino gehiago (34.100 kilo) astean behin egiten den errepasoaren bidez jasotakoa da. Abendura arte, egunean bertan ateratzea tokatzen zen gaiaz gain, silkatu gabe ateratako poltsak ere jaso egiten zituzten; orduan hasi ziren soilik egunean egunekoa jasotzen eta oker ateratakoak errefusaren egunean. Egoera horren aurrean, “ardurarako deia” egin die udalak herritarrei.