Aste honetatik aurrera hasiko da zerbitzua ematen udaltzainen auto elektrikoa
Legazpiko Udalak udaltzainek erabiltzeko auto elektriko berria erosi du. Bi helburu ditu udalaren ekimenak, batetik, kontsumoaren kostua murriztu eta mantenuan aurreztea eta bestetik, ingurumena hobetzen laguntzea.
Orain egun batzuk egin dute kotxearen jendaurreko aurkezpena Kepa Urtzelai alkateak, Inma Hernandez Agenda 21eko teknikariak eta Fernando Agirre udaltzainburuak. Autoak 13.700 euroko kostua izan du eta %50eko beherapenarekin erosi dute. Ondoren, 3.153 euroko egokitze lanak egin dizkiote: muntatze lana, irrati igorgailuak, errotulazioa, etab.
Ingurumena zainduko du
Autoak erregaia erabili beharrean elektrizitatea erabiliko duenez, urteko kontsumoa 2.000 euro murriztea aurreikusten da. Aurreko ibilgailuak 2012 eta 2013 urteen artean 2.200 euro gastatu zuen erregaietan. Auto berriarekin hilean 27 euro gastatzea aurreikusten da energia tarifa laua aplikatuta. Mantenu lanak ere 1.800 eurotik 1.066 eurora murriztea da helburua. Ingurumena hobetzen ere lagunduko du, ez baitu ez zaratarik ez igorpenik sortuko herrian.