‘Gure osasuna eraikitzen’ hitzaldi sorta antolatu du Ttiklikek, doan
Ttiklik elkarguneak Beasaingo Udalaren babesarekin lau hitzaldi antolatu ditu larunbaterako. 10:00etaik iluntzeko 20:00etara bitartean izango dira hitzaldiak Beasaingo Igartza jaruregian. Sarrera doan izango da, baina, gonbidapena izatea beharrezkoa izango da bertan sartzeko. Hitzaldietara joateko gonbidapenak www.ttiklik.com webgunean edo info@ttiklik.com helbidera idatzita lor daitezke.
Makrobiatikarekin hasita
Goizeko 10:00etan Itxaro Mendizabal Ttiklik elkarguneko arduradunak aurkezpen-ongietorria egingo die bertaratuei. Behin aurkezpenak eginda, Garbiñe Etxaniz makrobiotika adituak hitzaldia egingo du Zaindu familiaren osasuna makrobiotikarekin izenburupean. 12:00etan garun gimnasiaz eta TMR erreflexu primitiboez hitz egingo du Maialen Mujikak (gaztelaniaz izango da).
Arratsaldeko 16:00etan Padresformados elkarteko Leticia Garcések Educación emocional y fortalecimiento de vínculos afectivos para educar al niño hitzaldia egingo du, hau ere gaztelaniaz.
Ttiklik elkarguneak antolatutako lehen hitzaldi sortari amaiera emateko Psikolagun elkarteko Beatriz Ezeizak erregulazioaz hitz egingo du, Nola kudeatu gure emozioak gure seme-alabekin? galderari erantzunez.
Hitzaldi hauek interesa duten guztiei daude zuzenduta, eta Ttiklikeko Itxaro Mendizabalen esanetan «profesional onak» dira larunbatean Beasainen izango direnak, euren esparruan «oso adituak».