Ataungo Udalak aurtengo 1,5 milioiko aurrekontua du, iaztik %8,3 txikiagoa
Ataungo Udalak 1.513.476,32 euroko aurrekontua dauka 2014. urterako. Abenduaren 19an onartu zuen Udalbatzak. 2012-2016 eperako Gipuzkoako Foru Aldundiaren gainbegiradapean zehaztuta daukan plan ekonomikoak markatu du diru kontua. Iazko aurrekontutik 137.154 euro jaitsi ditu (%8,3 gutxiago). Hala eta guztiz, 2013ko diru kontuen likidazioak 2.290.630 euroan itxi du urtea.
Egoera ekonomiko orokorrak eragina izan du aurten ere Ataungo aurrekontuak egiterakoan. Igor Aierbe alkateak zehaztu duenez. «Plan ekonomikoaren irizpideen arabera ez dago askorik aldatzerik, eta ditugun sarrerek ere ez dute ahalbidetzen gehiagorik. Ongizate eta Kultura gaietarako diru sailak mantendu ditugu, aurten ere», dio Aierbek.
Iazko urtearen lehen erdian izandako luizi ugarien ondorioak konpontzen diru saldoa inbertitu behar izan du udalak, alkateak dioen «gerra-ekonomia» oraindik murritzago utziz. «Urdangaringo harri-lubeta bukatu dugu. Toki kritikoa zen hori. 2014an bukatuko ditugu luizien kalteetatik falta direnak». Zubikoeta pareko oinezko herribideko lur jausia, Agauntza errekakoa, orain hasiko dira berregiten, baimenaren zain sei hilabete itxaron ostean.
Hain zuzen, 2013rako pentsatutako inbertsio nagusietako bat luizien kalteetarako berbideratu zuten. Sukia baserrietarako errepidea berritzeko bigarren fasea ez zen burutu, Goimenekin hitz egin ondoren, harako diru laguntzak luizietarako erabili baitziren. Sukiko eta Zuagako bideei aurten helduko die udalak.
Atxurreneko zubia (Ergoena) sendotzeko asmoa dago, uholdeek oinarria eraman zutelako.
Eskolako teilatua, udarako
Joxemiel Barandiaran Herri Ikastetxearen eraikina egin zutela 30 urte beteko dira aurten. Teilatua egoera txarrean dagoela eta, udalaren inbertsio handiena hura berritzea izango da. Udan egingo lukete lana, 125.000 euroko aurrekontuarekin. Aldundiak laguntza hitzartua du, eta jaurlaritzaren Hezkuntza Sailetik %60ko finantzazioa jasotzeko bidea irekita dago.
Bestetik, San Martingo haur jolasgela atontzea jarri du aurtengo helburuen artean udalak. Herritarrekin partaidetza prozesua burutu ondoren, proiektua definitzeko zain daude orain. Aurrekontu zehatzik ordura arte egongo ez bada ere, 50.000 bat euroan baloratu zuen udalak hasieran. Proiektu horretarako ere finantzazioa bilatu beharko dela aurreratu du alkateak.
«Proiektu handirik ez dugu esku artean, garaiak ere ez direlako aproposak. Mantentze lanak eta berritu beharrekoak egitea da orain helburua. Ongizatean eta Kulturan, orain arteko ildotik jarraituko dugu. Ongizatean geroz eta behar handiagoak daude. Gainera, ezin da jakin beharra duten guztiek eskatzen duten laguntza, eta oraindik handiagoa izan liteke larri daudenen multzoa».
2013a ekonomikoki «ondo» bukatu dela dio Aierbek. «Urtea ondo joan da. Gastuei eutsi zaie. 2014rako Udalak Finantzatzeko Foru Funtsean igoera aurreikusten da».
Udal informazio buletina «3-4 hilean behin» aterako du udalak.