Gaztetan hasi zen Inazio Imaz txirrindularien argazkiak biltzen. Ia 50 urtez eutsi dio afizioari, eta dagoeneko 62.000 argazkiko bilduma osatu du idiazabaldarrak. “Ordu, egun eta urte askotako lana” lana dela dio Imazek, eta bildumazale batek, “pazientzia, antolakuntza eta txukuntasuna” behar dituela. Aurreneko argazkia 1965ean lortu zuen, Ordizian. “Garai hartan, bizikleta hartu eta inguruko karreretara joaten ginen. Orduan, argazkiak kotxeetatik botatzen zituzten propaganda egiteko, eta erraz lortzen ziren”. Harekin izan da GoiBerri aldizkaria, eta ostiraletik aurrera irakurri ahal izango da elkarrizketa osoa.
Goierritarrek lan bikaina egin dute Espainiako ziklo-kros txapelketan. 23 urte azpikoen mailan, Jon Ander Intsausti mutiloarrak bigarren egin du, Alex Aranburu ezkiotarrak hirugarren eta Pello Olaberria mutiloarrak bosgarren. Patxi Aldanondo beasaindarra laugarrena izan da gazte mailan eta Urko Peñagarikano urretxuarra laugarrena kadete mailan.
Xabier Gabilondo Urretxun jaio zen 1935ean. Urte batzuk dira erretiroa hartu zuela, eta betidanik margotu badu ere, jubilatu zenetik pintura da bere jarduera nagusia. Azken urte hauetan asko margotu du eta uzta horren guztiaren lagin bat erakutsiko du bihartik aurrera Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian. Lumatxoz eta pintura-margoaz egindako lanak izango dira guztiak, «kultur etxe osoa betetzeko nahikoa lan daukat».