Txertaketarako erretxina ere salgai dago
Badira hiru aste zuhaitz landare saltzaileak azokara etortzen hasi zirela; Juan Amezketa kalean biltzen dira, astero. Atzo, berriz, zuhaitzekin lotutako beste lanbide baten inguruko kontuak bildu genituen: Zuhaitz txertaketari buruzkoak, hain zuzen ere.
Lan horiek egin ahal izateko erretxinaren bila etorria zen Gaintzako Joxe Antonio Garmendia Aramako Zurutuza ahizpen postura. Garmendiak berak azaldu duenez, «martxoko ilbeheran txertatu behar dira ilberako arbolak: arana, sagarra, gaztaina, mizpira… hosto lisokoak alegia. Eta ilberrikoak, berriz, ilberriko hosto koxkadununa dutenak dira; urritza, esate baterako, nik ez dut sekula txertatu».
Ikusiz ikasi omen zuen lan hau nola egin; «lehengo zaharrek erakutsi zidaten nola egin, etxeko arbolak txertatzeko», horrela hasi eta orain, etxekoak nahiz auzokoak, hamaika zuhaitz txertatzen ditu. Eta Aramako Zurutuza ahizpek ere horrelaxe, aurrekoengandik ikasi zuten nola prestatu erretxin hau, 8 euroan dute salgai kilo erdiko potea eta bezero jakinak dituzte.
«Hasi dira txoriak kantari!»
Atzokoa goiz goibela eta bustia izan arren, hitz baikorrekin agurtu gintuen Kontxi Aiestaran orendaindarrak plaza iritsi orduko: «hasi dira txoriak kantari, animo!». Izan ere, oraindik negu giroa bada ere, natura esnatzen hasia deneko seinaleak hemen dira: oiloak poliki erruten hasiak, txoriak kantari, ihauteri ospakizunak abiatuak…
Oraindik zenbait astetan izango dugu negu giroa, baina eguna luzatzen hasi orduko, hilbeltza atzean geratzen ari deneko seinaleak gero eta nabarmenagoak dira, bai behintzat naturatik gertu bizi direnentzat.
Toki aldaketa
Plazako sarreran hainbat hilabetez hutsik egon diren postuak beteta ikusi ditugu aste honetan. Izan ere, Joseba Baez behi gazta saltzaileak eta Juan Ramon Lizarraga harakinak tokiz aldatu dituzte postuak. Lazkaoko Maria Jesus Mujikak utzitako tokia hartu dute, udaletxetik sartu eta bertantxe aurkituko ditugu aurrerantzean.
- Aste honetako prezioak